Gaueko itsaskiak kalte ugari eragin du Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2014ko otsailaren 3a

Atzo iluntzeko itsasaldiak ez zuen atseden eman eta are kalte gehiago eragin zuen Zarauzko itsas pasealeku inguruan. Igande goizaldekoa baina apalagoa—igande goizalderako alerta gorria ezarri zuten eta iluntzerako laranja— izan bazen ere, ura eta hondar ugari sartu zen hondartza inguruko lokaletara eta Galtxagorri elkarte parean egur eta harri zati ugari utzi zituen. Gaur goizera arte itsas pasealekua itxita egon da, segurtasunagatik. Gaur goizetik lanean ari dira udaleko brigadako zein azpikontratatutako langileak, malekoia garbitzeko. Udaleko teknikariak zein Aldundikoak ere gerturatu dira hondartza aldera, egoera bertatik bertara baloratzeko. Atzo goizean bezala, Martin Garitano ahaldun nagusia Zarautzen dago orain, olatuek eragindako kalteak sakonago aztertzeko. Zarautz eta Getaria lotzen dituen N-634 errepideak itxita jarraitzen du. Zaintza berezia egin dute udaltzainek gauez inor ez zedin gerturatu bide horretara. Igande goizaldeko denboralearen ondorioz, itsasoak oinezkoentzako pasealeku eta errepide zati bat eraman zuen lehenbiziko tunelaren parean. Bide horretan oraindik erabilgarri dagoen erreia ireki eta bi norantzatan doazen autoak bertatik pasatu daitezen baloratuko dute orain. Hala erabakiz gero, semaforo bat jarriko lukete, trafikoa antolatzeko. Informazio gune pertsonalizatuak Zarauzko Udalak informazio gune pertsonalizatuak bideratu ditu herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitze aldera, webgunearen bitartez (www.zarautz.org) zein Etxezabalan bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide