Atxiloketak salatu eta Bilbora joateko dei egin dute Azpeitian eta Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 11

Azpeitiko elkarretaratzearen une bat (Mailo Oiartzabal/Uztarria.com) Zarautzen 20:00etan elkartu ziren herritarrak protesta egiteko (Amaia Ventas/Hitza)               EPPK-ren bitartekarien kontra asteazkenean egindako polizia operazioa salatu zuten atzo iluntzean eskualdean. Besteak beste, Azpeitian eta Zarautzen egin zituzten protestak herritarrek. Azpeitian elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek herriko plazan. Konponbideari erasorik ez! lelopean elkartu ziren. Zarautzen giza-kate batekin hasi zuten  protesta lelo berarekin, eta ondoren manifestazioa egin zuten. Herritar asko atera zen kalera atxiloketak eta manifestazio debekua salatzera. Izan ere, gaur, larunbata, Bilbon presoen eskubideen alde egitekoak ziren manifestazioa debekatu zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak. Atzo arratsaldean manifestazio berri baterako deia egin zuten EAJk, Sortuk, EAk, Aralarrek, Alternatibak, Geroa Baik, ELAk eta LABek. Manifestazioa isila izango da, eta La Casillatik abiatuko da 18:00etan. Giza Eskubideak, Konponbidea, Bakea izango du leloa. Herrietatik hainbat autobus antolatu dituzte biharko manifestaziorako. Hemen ikus daitezke ordutegi guztiak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide