Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Biotopoaren eta golf zelaiaren arteko pasabidea konpontzeko bidea egiten ari da Zarauzko Udala. Iñaki Eizagirre Zarauzko Ogasun zinegotziak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuko Ingurumen eta Kosta Ministerioarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Real Golf Club elkartearekin, eta lurjabeekin hainbat negoziazio egin dute, eta, ondorioz, «hitzez lotu». Orain akordioa sinatzea falta da. Behin hori eginda, lanekin iraila-urria aldera hasiko direla aurreikusi du, behin udako oporrak pasa ondoren. Bost hilabete inguruko lanak izango dira, eta ez baldin badago gorabeherarik, otsailerako bukatuta egongo lirateke.
Hain zuzen, urrian aurkeztutako Zarautz Ehuntzen planean jasota dago biotopoko pasabide berria egitea, 25. puntuan zehazki. Iñurritzako zubitik Aresti kalera bitartean doan duna gaineko ibiltokia berritzeko premia larria dela dio bertan. Egun dituen irisgarritasun gabeziak konponduz, dunek duten balio naturala indartuz eta golf-zelaiarekin mugakide den egurrezko horma kendu eta itsas pasealekua sare babeslez hornituz, Mollarriren lotunea izango litzateke pasabide berria.