Estricalla, trilogiaren azken oldarraldia

Aritz Mutiozabal 2013ko abenduaren 19a

Hodei Esteban, Estricalla taldearekin egurrean. (Hodei Estebanek utzitako argazkia) Ekaitz Sirvent eta Ekhiñe Eizagirre presoen lagunek musika jaialdia antolatu dute etzirako, Putzuzulo gaztetxean, eta emanaldian bildutakoa haiek bisitatzera joateko gastuak arintzeko erabiliko dute. Ekitaldiari 22:30ean ekingo diote, eta, lehenik eta behin, Julen Zu­laikak bertso jarriak abestuko ditu ,eta Oreka Tx-ek pieza batzuk joko ditu txalapartarekin. Ondoren, kontzertuen txanda izango da, Anestesia eta Estricalla taldeen eskutik; lehenak 25. urteurrena izango du aitzakia, eta bigarrenak, aldiz, disko berria. Triple asalto mortal izenburua jarri diote Estricallakoek azken lanari, eta Zarautzen aurkeztuko dute ofizialki zuzenean. Hodei Esteban zarauztarra (Eran­tzun, Humilitate, Occhi di Farfalla) dabil gitarrista gisa taldean duela urtebetetik. «Iazko irailean hasi nintzen haiekin jotzen. Humilitate taldearekin geratzea erabaki genuen, eta Estricallako kideek proposamena egin zidaten. Dirudienez, aspalditik zebiltzan bigarren gitarra-jotzaile baten bila, eta nik baiezkoa eman nien. Aspaldiko lagunak izateaz gain, oso gustuko dudan taldea da». Kloacao eta El Corazon del Sapo bezalako taldeetan aritutakoek abian jarritako proiektua da, eta Fer Apoa dute abeslari. Taldean sartu bezain pronto,  abestiak egiten eta diskoa prestatzen hasi ziren. Martxoa bukaeran ekin zioten grabazio-prozesuari, Mikel Kazalisen Fidelenea estudioan, eta «pixka bat kostatu» zaien arren, emaitzarekin oso pozik daudela onartu du. Bere hastapenetako doinukerara itzuli da, nolabait esateko. «Erantzunekin betiko hardcore-punka egiten hasi ginen, eta muturreko fastcorea egiten bukatu genuen. Humilitaterekin, berriz, heavya eta trash musikan murgildu ginen. Orain, Estricallarekin sustraietara bueltatu naiz». Kirola eta kaleak Estricallaren diskoaren azalean Bob Beamon atleta ageri da, luzera-jauzian. «Estricallaren diseinu guztietan kale mugimendua eta kirola uztartzen ditugu». Lehen lana Gimnasia revolucionaria izan zen, eta bigarrena Fuegos olimpicos; biak 10 hatzbeteko biniloan argitaratuak. Trilogia biribiltzeko, hirugarren lanean «jauzi bat» haratago eman nahi izan dute, bai musikalki bai diseinu aldetik, eta horren emaitza da Triple asalto mortal. Diskoa CD­an eta biniloan argitaratu dute, eta diseinua Okene Abregok (Inoren Ero Ni) egin die. Guztira, hamar abesti bildu dituzte, batzuk gaztelaniaz eta besteak euskaraz. Azken abestian, The real terrorist and his 1001 waepons of mass opression izenekoan, aragoieraz kantatzen dute. Hain justu ere, pieza horretan Dead Kennedys taldeko abeslari Jello Biafrak kolaboratu du. Ez da diskoko gonbidatu bakarra, ordea. Mikel Kazalisek (Anestesia, Matxura) 2luzik abestiko letra egin die, eta  Sal Paradise eta Dean Moriartyren 17. bidaia Martera Okene Abregorekin elkarlanean idatzi dute. Zikloi 1 naiz abestiaren zirriborroa, berriz, Joseba Ponce (Dut, Kuraia) egin die. Diskoa euren kabuz argitaratu dute, nahiz eta diskoetxeen eskaintzak jaso dituzten eta horretarako aukera izan duten. Lan berria larunbateko kontzertuan jarriko dute eskuragarri; CDa 8 eurotan  eta biniloa 10 eurotan, hain zuzen ere. Bien bitartean, musika jaialdiko sarrerak Arrano tabernan eros daitezke aurretik, 10 eurotan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide