"Txernobyletik urruntzeak haurren bizi itxaropena handitzen du"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko abenduaren 18a

(Amaia Ventas/Hitza) Chernobilen Lagunak gobernuz kanpoko elkarteak kutsatutako Ukrainako zonalde horretako haurrak Gipuzkoara ekartzeko kanpaina jarri du abian. Umeak hartuko dituzten familia gehiago lortzea du helburu. Urtero, Ivankiv inguruko 6-17 urte bitarteko dozenaka haur etorri ohi dira uda garaian eskualdera, bi hilabetez erradiaziotik urrundu eta bertako familiekin bizitzera. Urtetik urtera, ordea, familia kopurua jaisten ari da. Simon Uberak hiru urte daramatza Igor etxean hartzen, eta elkarrekin bizitako esperientzia «aberasgarriaren» nondik norakoak azaldu dizkio UROLA KOSTAKO HITZA-ri. Zergatik da garrantzitsua haur horiek udan hona ekartzea? Ivankiv (Ukraina) inguruan bizi dira haur horiek. Txernobyletik  gertuen dagoen zonaldea da hori; zentral nuklearretik 50 kilometrora baino gutxiagora dago. Zonaldea bera ere ez dago ekonomikoki garatuta, jendea nahiko modu xumean bizi da. Asko sorotan landatutakoarekin. Soro horiek erradiazioarekin kontaktuan daude. Hori dela eta, bi hilabetez erradiaziotik urrundu eta kutsatu gabeko leku batean udaldia igarotzeak asko laguntzen die. Defentsak berreskuratzen dituzte. Berez ez dute gaixotasunik diagnostikatuta, baina ongi etortzen zaie itzuli eta Ukrainako negu gogorra igarotzeko indarrak berreskuratzea. Hainbat ikerketaren arabera, gainera, hilabete bat zonalde horretatik urruntzeak euren bizi itxaropena luzatzen du, urte-urte eta erdi, inguru. Hemen mediku analisiak egiten dizkiete haurrei. Ageriko eritasunik ez badute ere, jarraipena egiten zaie badaezpada ere, arrisku eremu batetik gertu bizi direnez ahulduta daudelako, eta gerora arazoak izan ditzaketelako. Zenbat haur hartu ohi dituzue Gipuzkoan? Elkarteko estatutuetan jasota dago gehienez 50 haur ekar daitezkeela. Elkarte txikia da Chernobilen Lagunak. Iaz, esaterako, 35 haur etorri ziren. Hiruzpalau haur hartzen ditugu Zarautzen, eta beste hainbeste Zumaian,  Zestoan eta Azpeitin. Bailara honetara guztira hamar bat etorri ohi dira. San Joan inguruan iritsi ohi dira, eta bederatzi bat aste egoten dira bertako familien etxeetan. Normalean haur bana hartzen dute familiek. Batzuk animatzen dira pare bat etxean hartzera, baina orokorrean haur bakarra izaten da etxeko. Hasieran, 1996an elkartea sortu zutenean berrogei bat adin txikiko etortzen ziren urtero uda Gipuzkoan pasatzera. Krisiaren eraginez edota familien egoera pertsonala dela eta, azken urteetan beherantz egin du kopuru horrek; nabaritzen da. Horregatik abiatu dugu familia berriak erakartzeko kanpaina. Haurrei arnasgunea emateaz gain, familientzat ere aberasgarria da esperientzia, ezta? Bai, oso. Azken finean, beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematen du horrek, beste familiak, beste bizimodu bat, beste kultura bat. Familia askok, gainera, seme-alabak dituzte, eta beste egoera batean bizi diren haurrekin bizitzean asko ikasten dutela iruditzen zait; beste balore batzuk. Ni ezkongabea naiz, eta Igor etortzen denean asko aldatzen da nire egunerokotasuna. Aste biziak izaten dira. Planak ere aldatu egiten dira. Orain hondartzara joaten gara ia egunero, lehen ez bezala. Asko gozatzen dut, askoz gauza gehiago egiten ditut haurraren aitzakian. Nola gogoratzen duzu elkar ezagutu zenuten unea? Lehen urtea baino, lehen asteak izaten dira arraroak, elkar ezagutu arte. Hizkuntzarekin ere gorabeherak izaten dira. Ingelesez egiteko aukera ere gutxi izaten da, eskolan alemaniera ikasten baitute. Igor etorri zen lehen urtean 11 urte zituen; ez zen hain gaztea. Oso txikiak direnean arazoak egon daitezke lehen egunetan, familia faltan ematen duelako edo. Igorrekin ez genuen arazorik izan, ordea. Bazuen egoeraren berri. Izan ere, haren arreba bat ere egona zen Bartzelonan, Kataluniako elkarte baten bidez. Lehenbiziko egunetan komunikatzeko-eta arazoak izaten bagenituen ere, lasai hartzen zuen. Eta ondorioz guk ere bai. Barre egiten genuen, itzultzaileak baliatu... Primeran moldatu ginen. Egia esan, belakiak bezala dira, eta segituan moldatzen dira egoera berrira, hizkuntzara... Pasadizo ugari izango dituzu. Haien bizitokia oso laua da, eta itsasotik kilometro askora dago. Igor, esaterako, behin egon da itsasoan haren familiarekin. Hori dela eta, uste dugu hona etorri eta asko gustatuko zaiela hondartza. Gustatu gustatzen zaie, baina mendiak ematen die atentzio gehien. Hona etorri zenean, Elkano auzora igo ginen, eta txundituta geratu zen ikuspegiarekin. Festekin ere zoratu egiten dira. San Joan Egunean iristen dira, eta herri guztietan izaten dira ospakizunak. Han herri txikiak izanik, ez dute festa handirik egiten. Oroitzen dut etorri zen lehenbiziko urtean San Pelaio bezperan ez zuela erretiratu nahi. Dantzan ere ez zuen egiten, baina Musika Plazan gustura jardun zuen Egan taldea entzuten. Elkartea txikia izanik, nola dago antolatuta? Elkarteko kide guztiak boluntarioak dira. Urteko 90 euroko kuota eskatzen zaie, haurren bidaiak ordaintzen laguntzeko. Izan ere, elkartearen gastuen %80 izaten da hori. Dirua lortzeko bestelako egitasmoak egiten ditugu. Angel Uranga margolariak, esaterako, urtero koadro bat eskaintzen du zozkatzeko. Irrien Lagunak taldeak ere laguntzen du. Pasa den udan Zestoan ikuskizuna eskaini zuten pailazoek, eta irabaziak elkarteari eman. Horrez gain, Ukrainako haurrekin grabatutako Mundu berri bat kantua jaso dute Bizipoza disko berrian. Bestela erakundeek ere babesten dute elkartea. Gipuzkoako Foru Aldundiak, haurrak hartzen dituzten herrietako udalek eta Urola Kostako Udal Elkarteak laguntzen du Chernobilen Lagunak elkartea, baita norbanakoek eta enpresek ere. Gainontzeko gastuak familiak hartzen ditu bere gain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide