Yoseba Peña idazleak ‘Kilimanjaroko diamantea’ eleberria aurkeztuko du gaur, Zarauzko Garoan

Aritz Mutiozabal 2013ko abe. 18a, 04:16

Yoseba Peña idazle zarauztartua, Kilimanjaroko diamantea gazteentzako eleberria eskuetan duela (Aritz Mutiozabal/Hitza) «Abenturazko liburu bat idaztea nuen buruan. Indiana Jones-en antzerako istorio bat, baina irakurtzeko». Erronka horri heldu zion Yoseba Peña (Sodupe, 1977) idazle zarauztartuak, Kilimanjaroko diamantea gazteentzako eleberriari ekin zionean. Liburuak oraintsu ikusi du argia, Ibaizabal argitaletxearen babesean, eta gaur arratsaldean, 19:00­etatik aurrera, Zarauzko Garoa liburu-dendan aurkeztuko du. Iaz Hodeien adorea (Susa) eleberria kaleratu zuen helduentzako. Orain, aitzitik, irakurle gazteengana bideratu du bere azken literatur sorkuntza. «Susa etxeko argitaratzaileari bigarren liburuarekin lanean hasi nintzela esan nion lehena kaleratu ondoren. Berak lasai hartzeko esan zidan, urtero edozer gauza ezin daitekeela atera», gogorarazi du Peñak. Hori horrela, aspalditik gordeta zuen proiektu bat berreskuratzea erabaki zuen. Duela lau urte inguru Tanzanian ibili zen, eta paraje haietan bizitako esperientzia izan du oinarri Kilimanjaroko diamantea lantzerakoan. Izan ere, «badu zerbait berezia Afrikak, badu transmititzeko zerbait polita». Hortaz, abentura osagaiak biltzen hasi zen: Kilimanjaro, mapa bat, harribitxiak... Istorioan bete-betean murgildu, eta astebetean idatzi zuen koaderno batean. Lehen testu hori zirriborro gisa hartuta, berridatzi egin zuen ondoren, eta argitaratu berri duen eleberria osatu zuen. «Hasierako espiritua mantendu dut, baina gazteentzako zerbait egin nahi nuen, Altxor uhartea bezalako abentura istorioak gogora ekarriko zituenak». Bilaketa gorabeheratsua Oro har, 13 urteko mutiko bati buruzko kontakizuna da. Afrikako kanpamentu batera doa uda pasatzera, beste herrialde batzuetako gazte batzurekin batera. Safari bat egingo dute Tanzanian, Von Silk arkeologo ezagunak gidatuta. «Hasieran maitasun istorioa dirudi, mutikoa neskatxa batekin maiteminduko delako. Baina poliki-poliki Kilimanjaroko diamanteen inguruko informazioa ematen hasiko naiz, eta istorioa katramilatu egingo da». Non dagoen inork ez dakien hiri baten mapa topatuko dute arka batean, baina mapak hutsune bat du, munduko diamante handienarekin osatzen dena. Bilaketa horretan barneratuko dira protagonistak, baina hainbat gorabehera biziko dituzte bidean; eta laguntasuna, maitasuna eta traizioa puri-purian daude. Afrikako ohituren berri emateaz gain, kontinente horretako bizimodua eta errealitate ezagutzera ematen saiatu da idazle zarauztartua; haur soldaduen afera, esaterako. «Gai hori zuzenean ukitu dut. Izan ere, haur soldaduek bahitu egingo dituzte liburuko protagonistak, eta Play Station bat konpontzeko aginduko diote mutikoari, bestela garbitu egingo dutela mehatxatuz. Horretan ari dela, haur soldaduen buruzagiak bere historia kontatuko dio; hau da, bere gurasoak hil eta haiekin eraman zutela». Bi aldeak uztartu ditu, azken finean. «Irakurleak ongi pasatzea nahi dut, baina ikuspegia soziala ahaztu gabe». Gaur arratsaldeko aurkezpen ekitaldian Ibaiazabal argitaletxeko editore ohi eta gazte literaturan aditu Iñaki Zubeldia izango du bidaide idazleak. «Laguna dut, eta hari pasatu nion lehen irakurketa egiteko. Gainera, haren bitartez jarri nintzen argitaletxearekin harremanetan». Bestalde, bihar Paperezko Lagunak taldeak Adiskide bat nuen (Elkar) eleberria aztertuko du Garoan, eta Joxean Agirre idazlea han izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide