«Xabier Lizardiren lanen bat edo beste rapeatu behar dut, bai ala bai»

Urola Kostako Hitza 2013ko abenduaren 11

Torre Luzeako parkean geratu da kazetaria Imanol Epelderekin (Zarautz, 1977), berak hala eskatuta. «Nire mutil berria aurkeztu nahi dizut». Eta han, Xabier Lizardiren bustoaren ondoan azaldu ditu Argia-n zabaldu berri duen Etxepare Rap blogaren nondik norakoak. Euskal literaturaren historia kantuz egitea du helburu, eta dagoeneko sortu ditu kanta batzuk. Bernard Etxepareren Lingua vasconum primitiae-ko hitzaurrea eta beste hainbat musikatu ditu rap erritmoekin, guztira zortzi. Pixkanaka kaleratuko ditu blog horretan. Gehiago egitea ere ez du baztertzen. «Aurrekoan haren lanen bat rapeatu nahi nuela esan nion Lizardiri, eta aukeratzeko bat». Oraindik ez dio erantzun. Zergatik erabaki duzu euskal literatura rap doinuekin musikatzea? Euskal literaturako klasiko asko daude kantura eramanda. Nik Etxeparerena egin dut; sarrerarena ez dut beste inon entzun, baina Emazteen fabore, esaterako, aurretik musikatu dute. Euskara irakaslea naiz ni, eta eskoletan, literatura ematerakoan, konturatu nintzen XVI. eta XVII. mendeetako egileei buruzko lanak azaltzea nekagarria izan zitekeela ikasleentzat. Bestalde pentsatu nuen rap oinarriekin abes zitezkeela klasiko handiak. Orduan probatzen hasi nintzen. Horrela zortzi autoreren lanak hartu, mende bakoitzeko bat edo bi, eta musikatu egin ditut. Ezin dezaket esan euskal literatura historia egin dudanik, baina bai pasarte batzuk kontatzen ditudala. Hala kontatzen duzu euskal literatura klasikoa eskolan, orduan? Beste eskoletan egingo nuke, errazagoa izango litzateke. Zuzenean egin ez badut ere, nire kantuak jarri dizkiet. Hitz eman diet baita ere egunen batean abestuko diedala. Jendea beldurtu egiten da literaturarekin, panikoa dio. Horregatik uste dut zerbait gaizki egiten ari garela ikastetxetan, baita kalean ere. Hau izan daiteke ikasleak sorkuntzara bultzatzeko modua. Klasikoak belaunaldi berrietara hurbiltzeko modua da. Bai, modu erakargarrian, batez ere gazteei zuzenduta. Rap erritmo horiekin batik bat gazteak erakarriko ditudala uste dut. Zergatik hautatu dituzu testuok? Lingua vasconum primitiae, esaterako, euskaraz argitaratutako lehenbiziko liburua da, eta sinpatia handia diot Etxepareri. Alde batetik, herri hizkeran idatzi zuelako, kaleko jendearentzat, modu ulergarrian. Bestetik, gai herritarrak lantzen dituelako. Sexu eszenak ere deskribatzen ditu. Hori adierazgarria da XVI. mendeko apaiz bat zela kontuan izanda. Horregatik aukeratu dut Emazteen fabore, esaterako. Euskararen inguruko diskurtso berria landu behar dela esaten da egun, gazteek euskaraz egin dezaten eta jendea euskarara ekartzeko diskurtso baten premia dagoela. Etxeparek badu diskurtso bat, Lingua vasconum primitiae-ren hitzaurrean aipatzen duena, egun aplikagarria dena. Euskaldunak zientzia guztietan letratu handiak direla dio, baina txundituta dagoela inor ez delako ausartu euskaraz zerbait idaztera. Beste nazioek diote gure hizkuntzan ezin dela ezer idatzi, eta orduan berak egiten du. Aurre egiten die beste nazioei, baina guri ere egur pixka bat emanaz. Uste dut gaur egun galdu egiten garela soziolinguistikako filosofiada askotan, baina euskarak sendagai bakarra duela deritzot: erabiltzea. Hori Etxeparek hasieratik esaten du. Etxeparez gain, beste egileen testuak ere erabili dituzu. Bai, Axularrena, kasu. Hori zailagoa da; izan ere, prosa idatzi zuen, ez poesia. Baina egin dut haren hitzaurrearekin ere kantu bat. Arnaud Oihenart poeta jantzia zen, poema oso zaila egiten zuen errima eta erritmo aldetik; niretzat bikaina. Horregatik errazagoak dira rapera eramatea. Hori egin dut Argia daritzanari-kin. Indalezio Bizkarrondo Bilintx-en bertsoak ere hartu ditut, Jon Miranderenak, Itxaro Bordaren kopla batzuk, Bernardo Atxagaren testu batzuk... Guztira, zortzi. Eta gustatuko litzaidake gehiago egitea. Zirriborro batzuk baditut eta horiek grabatzea geratzen zait, kolaboratzaileak lotzea. Nolakoa da letrak rap doinuekin nahasteko prozesua? Ordu asko daude hor. Ez dakit zenbat rap oinarri entzungo nituen, baina ehunka. Letrei dagokienez, hogeita hamar bat aukeratu nituen musikatzeko. Entseguetan erritmoak eta letrak probatzen jardun nuen, nortzuk ezkontzen ziren ondoen ikusteko. Kantu oinarriak webgune batetik (http://www.openmindsentertainment.com) jaitsi ditut, eta saiatu naiz estiloa gordetzen, abestiei batasuna emateko. Batzuk raperoagoak dira, beste batzuk ez. Jende askok kolaboratu du. Kantuak eginda, oinarri gisa ongi zeuden, baina freskotasuna eta indarra emango zien beste ahots batzuk behar nituen. Kolaboratzaile bila hasi nintzen. Bilintxen abestirako amorraziozko orruak behar nituen, eta Xanpori eskatu nion laguntza. Besteak beste, Emazteen fabore-n Irati Epeldek, arrebak eginditu koruak; Erranen duta-n Eñaut Elorrietak lagundu dit; Endika Lahainek, Maishak eta Ibon Norte Apachek kolaboratu dute Argia daritzanari abestian, eta Maria Sirokak Txirritaren bertsoekin. Rap doinuak daudenez, Barakaldora joan nintzen zati batzuk grabatzera, bertan baitaude euskal raparen aitzindariak. Gainontzean Mattin anaiak egin du grabazioa eta masterizazioa. Horrez gain, bi bideoklip ere egin ditut; bat Euskararen Egunean erakutsi nuen, eta bestea datozen egunetan kaleratuko dut. Manex Artolak eta Karlos Argiñanok lagundu didate. Ikusgarritasuna ematen diete materialari. Nola kudeatuko duzu blog berria? Astero kanta bat kaleratuko dut, eta gustatuko litzaidake gehiago egitea. Ildo horretatik, jendea animatu nahi dut kolaboratzera. Proiektu irekia da. Hasiera batean zortzi abesti eta zortzi bideoklip egitea zen asmoa. Hori dela eta, norbaitek abesti bat aukeratu eta ikus-entzunezkoa egin nahi badu, egin dezala. Beste norbaitek beste lanen bat kantatu nahi badu ere, aurrera. Kontua materiala pilatzea da, aurrerago erabili ahalko dena. Hori niretzat oso polita izango litzateke. Eta zuzenekorik egitea pentsatu al duzu? Pasa den ostegunean egin nuen saiotxoa jendaurrean, Durangoko Azokan. Orduerditxoz aritu nintzen, eta ongi atera zen. Gehiago egin behar ditut, baina falta zaio pixka bat mimatzea. Ea urte berriarekin egiten ditudan zuzeneko emanaldiak. Buruan beste proiektuak baditut, baina momentuz bi blogetan nago murgilduta, Argia-koan eta nire pertsonalean (http://www.27zapata.com). Oso gustura, gainera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide