Munduko eraikinen handitasuna, Photomuseumen

Aritz Mutiozabal 2013ko abenduaren 10a

Luzernako hotela, Suitzan (Adolphe Braun). Argazkigintzaren eta arkitekturaren arteko harremana gertutik ezagutzeko parada eskaintzen du Photomuseum Argazki eta Zinema Museoaren azken erakusketak. Izenburu hori bera jarri diote, gainera: Argazkigintza eta arkitektura. Duela urte eta erdi inguru antzeko erakusketa bat zabaldu zuten  argazki museoan, Argazki Bileraren barruan, baina orduko hartan paisaia eta arkitektura binomoa izan zuten mugarri: naturako paisaiak eta monumentu arkitektonikoak argazkietan irudikatzeko joera. Oraingo honetan, nolabait esateko, naturari ez zaio gehiegi erreparatzen, baina bai paisaia-arkitekturari. Arkitekturaren hedapenerako tresna eraginkorra bihurtu zen argazkigintza hasiera-hasieratik. Argazkigintzari esker, monumentu historikoak ikono eta sinbolo bilakatu ziren mundu zabalean. Era berean, praktika fotografikoak arkitektura arlo perfektua zela erakutsi zuen. Argazkigintza ez zen urruneko herrialdetako monumentuak edo eraikinak dokumentatzeko lanabesa bakarrik, baizik eta tokian tokiko ondarea hobeto ezagutzeko modu guztiz baliagarria. Horretaz jakitun, Francis Wey argazkilari frantsesak estatu mailako arte-dokumentazio programa bultzatu zuen,eta Monumentu Historikoko Komisioaren bidez finantzatu zen; aipatutako erakundea ondare nazionalaren ikerketaz eta Frantziako legatu arkitektonikoaren zaharberritzeaz arduratzen zen. Gisa horretan  Mission Heliographiquea sortu zen, 1851n. Frantziako irudiez gain, hainbat herrialderi ateratako lehen irudiak jaso zituzten XIX. mendetik aurrera; besteak beste, Suitza, Espainia, Egipto, Turkia, Siria eta Palestina. Erakusketan horietako hainbat daude ikusgai, garaiko argazkilari aitzindarien eskutik: Félix Bonfis, Adolphe Braun, Giacomo eta Carlo Brogi, James Robertson, Jean Laurent y Minier eta Ga­briel Lekegian, esaterako. Kutxa Fototekak Photomuseumari utzitako funtsetatik aukeratutako argazkiekin osatu dute Arkitektura eta argazkigintza. Erakusketa kolektiboa urtarrilaren 19a bitartean bisitatu daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide