Maitane Ezpeletak (irudiaren erdian) irabazi zuen iaz Admira GItarra Lehiaketa, goi mailan. Gaur Modelon kontzertua eskainiko du
Urtero legez, Euskal Herriko Airean gitarra elkarteak Gitarra Jaialdia antolatu du, Zarauzko Udaleko Kultura Sailaren, Enrique Keller S.A. gitarra lantegiaren eta Jacarandena musika etxearen laguntzarekin. Hogei urte bete ditu Zarautzen ohiko hitzordu bihurtu den jaialdiak eta aurten ere askotariko ekimenak izango dira gaurtik hasi eta igandera bitartean. Berrikuntzak ere izango direla jakinarazi dute; izan ere, aurten Imanol Urbieta Udal Musika Eskolan eskainiko dituzte askotariko ikastaroak eta bertan egingo dute Admira Gitarra Lehiaketa ere.
Horrez gain, kontzertu «bereziak» antolatu dituzte aurtengo jaialdirako. Hain zuzen, kantautoreek ere hartuko dute parte gaurko zein larunbateko kontzertuetan.
Ikastaroak eta kontzertuak
Jaialdiaren helburua ikasleek gitarraren arloan hobetzea da, eta horretarako hainbat ikastaro eskainiko dituzte gaurtik igandera. Hala, gitarra klasikoko hastapeneko zein hobekuntzarako eskolak emango dituzte udal musika eskola berrian.
Ikastaro «zabalena», ordea, gitarra orkestrena izango dela nabarmendu du Eduardo Baranzanok, Gitarra Jaialdiko arduradunak. Besteak beste, Xixongo, Bartzelonako eta Irungo orkestrek hartuko dute parte ikastaro horretan, eta horiek izen handiko musikariak izango dituzte maisu, Bartzelonako Lizeoko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko irakasle Sergi Vicente, kasu.
Ikastaroa orkestrei zuzenduta baldin badago ere, 40 bat norbanakok ere izena eman dutela jakinarazi du, eta horiek biharko kontzertuan hartuko dutela parte orkestra gisa. Vicentek berak zuzenduko ditu eta horiez gain, Alberto Gonzalez, Baranzano bera eta Iosune Marin ere taularatuko dira. Lehenbizikoek gitarra joko dute eta hirugarrenak kantatu ere egingo du, gitarra jotzeaz gain. Baranzanok, gainera, diapositibekin lagunduko du bere emanaldia. Gaur, Maite Ezpeletak, iazko Admira Gitarra Leihaketako irabazleak, Raquel Lamas gitarra jole eta kantautoreak eta Radio Fanjul taldeak emango dituzte kontzertuak. 20:30ean hasiko dira gaurko zein biharko emanaldiak Modelo aretoan, eta sarrera doakoa izango da.
Igandean, berriz, Admira Gitarra Lehiaketa jokatuko dute, goi zein maila ertainean. Goizez izango da hori, 10:00etatik aurrera, eta sarrera irekia izango da.