Basarriren ekarpena erakusketa batean

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko azaroaren 27a

Eusko Ikaskuntzako Aritz Arrizabalaga, Joxe Mari Iriondo kazetaria, Gari Berasaluze Kultura zinegotzia eta Pello Esnal idazle eta euskaltzaina, besteak beste, Basarriri buruzko erakusketan. (Amaia Ventas/Hitza) Gure lurrean guk eztaukagu/ zertan egon buruz bera/ Une honetan aitor dezagun: bagera edo ez gera!/ Bertsolaritza bizi dan arte/ biziko baita euskera. Biziko dira bertsolaritza eta euskara, eta biziko da baita Inazio Eizmendi Basarri ere herritarren bihotzetan. Gaur ehun urte bete dira bertsolari, idazle, euskaltzain eta kazetaria jaio zela, eta «buruz behera» egon beharrean hura gogoratu dute beste behin. Hain zuzen, hari buruzko erakusketa inauguratu dute eguerdian Sanz Enea kultur etxean Eusko Ikaskuntzak eta Zarauzko Udalak. Bi hilabetez izango da ikusgai Basarriri buruzko erakusketa hori, urtarrilaren 26ra arte, egunero, 18:00etatik 20etara. Lau zati ditu erakusketak, eta lau aretotan banatuta dago. Errezilek, haren jaioterriak 1964an eskaini zion jaiotze agiriak zabaltzen du askotariko argazki, dokumentu eta lanez osatutako bilduma. Lehen gune horretan Basarriren biografiaren mugarriak ageri dira: senitartekoekin eta lagunekin ateratako argazkiak; Bejarren (Salamanca) Trabajadoresetan zigorra bete zuenekoak; Loiolara Aita Santua etorri zenean hitza hartu zenekoa; Azken Portu tabernarenak, besteak beste. 1958an Zarautz modernoari buruz idatzitako artikuluarekin bukatzen da lehen zati hori. Ondoko gelak Eizmendik bertsolaritzari egindako ekarpena jasotzen du: taberna giroan bertsotan zein txapelketetan parte hartzen ageri da askotariko argazkitan. Francisco Unzurrunzagarekin ikus daiteke beste batean, Itxaropenako sortzailearekin; harekin argitaratu zituen Basarrik lehen liburuak. Horrez gain, gerra osteko bertsolari txapelketetan eskuratutako garaikurrak ere ikusgai daude areto horretan. Hirugarrengo gela, berriz, haren kazetaritza lanari dago eskainita. Bertan irakur daitezke Euzkadi, El Dia, Argia, La Voz de Guipuzcoa, El Diario Vasco eta beste hainbat komunikabidetan idatzitako lanak. Horien artean dago 1966an La Voz de España egunkarian, Mi atalaya montañera sailean idatzitako artikulua. Berri pozgarri batekin natorkizue du izena, eta bertan aurrerantzean euskaraz ere idatziko duela iragartzen du. Irratian jardun zueneko argazki bakarra berreskuratu du Euskal Ikaskuntzak: La Voz de Guipuzcoa-ko lankideekin ateratakoa. (A.V./Hitza) (A.V./Hitza)   Azken aretoak, berriz, askotariko erakundeek, elkarteek eta taldeek—Zarauzko Udalak, Euskaltzaindiak eta Bertsolari Elkarteak, kasu— Basarriri egindako aitortza, eskertza eta oroigarriak biltzen ditu. Bestalde, ikus-entzunezkoen gunea ere atondu dute, bisitariak Basarriri egindako elkarrizketak, hari buruzko dokumentalak eta haren omenezko bertso saioak ikus ditzaten. Jakinarazi dutenez, astero aldatuko dituzte emanaldiak. Ez dira horrekin amaituko Basarri omentzeko eta haren lana aitortzeko egitasmoak. Ostiral goizean Euskaltzaindiak Osoko Bilkura egingo du Zarauzko udaletxean, eta eguerdian Eizmendiri omenaldia egingo dio. Xabier Euzkitzek eta Joxe Mari Iriondok hartuko dute parte ekitaldi horretan. 22:00etatik aurrera Basarritik Azken Portura ikuskizuna izango da kiroldegian. Sarrerak salgai daude Turismo Bulegoan eta Sanz Enean eta egunean bertan ere erosi ahalko dira leihatilan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide