Jendetza bildu zen iaz Herrio Natur Taldeak antolatutako jostailu truke azokan (Aiora Larrañaga/Hitza)
Eskualdeko hainbat eragilek aurten ere haurren artean «jasangarritasuna, trukea eta berrerabiltzea» zabaltzeko, jostailu truke azokak antolatu dituzte Gabon garaiari begira. Izan ere, Gabonetako «gehiegizko kontsumoaren aurrean ardura hartzea» garrantzitsua dela uste dute egitasmoak antolatu dituzten eragileek. Horretarako, ordea, herritarren laguntza behar dute elkarteek. Hala, etxeetan erabiltzen ez dituzten edota behar ez dituzten jostailuak izanez gero, «guztiei erabilera berria» emateko aukera dutela nabarmendu dute.
Balurdin
Orokieta Herri Eskolako Guraso Elkarteak antolatu du Bigarren Eskuko III. Jostailuen Azoka, ostiral arratsalderako eta larunbat goizerako. Egitasmoa Orokieta Herri Eskolako gimnasioan izango da, eta zarauztar guztiak gonbidatu dituzte. Izan ere, azokak elkartasuna izango du ardatz, eta salmentatik lortzen dute dirua
Ori Zautz gobernuz kanpoko erakundera bideratuko dute antolatzaileek. Erakundeak Ruandako Mugina herriko umeei laguntzeko erabiliko du.
Abenduaren 13an Orion
Aurreko urteetan oriotarren artean izan duen arrakasta ikusita, aurten ere Orioko Herrio Natur Taldeak abenduaren 14rako Jostailu Truke Azoka antolatu du, eta datozen egunetan herritarren erabiltzen ez dituzten eta etxean gordeta dituzten jostailuak bilduko dituzte. Herriok jakinarazi du egoera onean dauden jostailuak hartuko dituela. «Norberari hartzea gustatuko litzaiokeen bezala egon beharko dute», zehaztu dute kideek.
Herrioko kideek bilketa egunetan haurrek etxetik eramandako jostailuak sailkatu egingo dituzte, hiru koloreren arabera: horia, urdina edo gorria. Haurrek nahi izanez gero kolore jakin bateko txartel bat jasoko dute, eta azoka egunean kolore bereko txartela duen beste jostailuren batengatik trukatu ahal izango dute. «Horretarako, herriko plazan jarriko dituzten jostailu guztiak ondo ondo begiratu, ukitu eta gustukoena aukeratzeko aukera izango dute haurrek».
Bestalde, azokara hurbiltzen diren haurrek egun horretan etxetik ekartzen dituzten jostailuak azokan daudenekin trukatzeko aukera ere izango dute. Larunbatean, azken orduan, jostailurik ekarri ez dutenek (txartelik ez dutenek) gustuko duten jostailu hori etxera eramateko aukera izango dute. Azoka amaitutakoan jostailuak soberan badaude, inork eraman ez dituen jostailuak irabazi asmorik gabeko erakunde batera bideratuko dira.
Orioko jostailu bilketa
Azaroaren 28a, osteguna
- 16:30etik 17:30era. Ikastolan jasoko dituzte haurrek ekartzen dizkiguzuen jostailuak.
- 18:00etatik 20:00etara. Kosta Tailerrean jarriko dute bigarren eskuko jostailu bilketa postua.
Abenduaren 13a, ostirala
- 18:00etatik 20:00etara. Kosta Tailerrean izango dira Herrioko kideak bigarren eskuko jostailuak biltzen.