Santamaria, Mantxi eta Berasaluze, ekitaldiaren aurkezpenean (Amaia Ventas/Hitza)
Aurten Inazio Eizmendi
Basarri jaio zeneko mendeurrena bete delako, urte osoko egitaraua iragarri zuen udaberrian Zarauzko Udalak, herriko askotariko eragileekin batera. Azaroaren 27an beteko da urteurren borobila, eta hori dela-eta egitasmoei «azken ukitua» emango dien ikuskizuna antolatu du Motxian Bertso Eskolak datorren ostiralerako:
Basarritik Azken Portura.
Ekitaldiaren izenaren zentzua azaldu du Iñigo Mantzisidor
Mantxi bertsolariak: «Normalean egiten denaren justu kontrakoa egingo dugulako da hori: jaiotzetik hiltzerako bidea islatu beharrean, hiletatik hasi eta jaio zeneko bidea planteatuko dugu, atzeraka». Xabier Etxeberriak egin du gidoia, eta ideia horrek «jokoa ematen» duela nabarmendu du Mantxik. Horretarako irrati bidez egindako grabazioak, elkarrizketak, bideoak eta beste hainbat kontu aprobetxatuko dituzte. Garai batzuk markatzeko laguntzaile jardungo dute Joserra Gartziak eta Joxe Mari Iriondok. Azken hori gai jartzaile ibiltzen zen, eta 1962ko txapelketa azalduko da, besteak beste, ekitaldian. Gartziak hari egindako elkarrizketa ere eskainiko dute saioan.
Patxi Santamaria eta Ainhoa Alberdi antzezleak, berriz, Etxeberriaren gidoia eta ikus-entzunezkoak harilkatzeaz arduratuko dira. Etxeberriaren proposamena jaso bezain pronto, txikitako irudi bat etorri zitzaion Santamariari burura. «Nire aiton amonak San Pelaion bizi zirenean, gaztetan, Basarriren programa entzuten nuen. Gogoratzen dut momentu majikoa bezala; izan ere, euskaraz zen, eta garai hartan debekatuta zegoen».
Hortik abiatuko dute antzezleek eurei dagokien ikuskizuneko zatia. Lehenbiziko eszenan aiton-amonek Basarriren hiletaren inguruko albistea entzungo dute irratian. Jarraian bertsolaria gogoratuko du bikoteak, haren irratsaioa eta gaztetako garaiak, besteak beste. Grabazioen bidez, bi-hiru aldaketa historiko egingo dituzte ondoren, Gartziak egindako elkarrizketa eta hileta erakusten duen ikus-entzunezkoaren bidez, esaterako. Atzeraka bidaia horretan, 1962ko bertsolari txapelketara iritsiko dira gero, eta Iriondok gai jartzaile gisa egindako pasartea erakutsiko dute bertan. Bi bertsolarik bat-bateko saioa eskainiko dute, era berean.
Hirugarren zatian 1943. urtera egingo dute salto. «Basarri gerraostean zazpi urtez
Batallones de Trabajadores-etan egon zen, eta urte horretan itzuli zen Zarautzera, San Pelaio egunean, zehazki. Hori hala izanik, bikote hori eguna ospatzen ageriko dira amaierako zatian, Basarriren etorreraren zain».
Gaur aurkeztu dute ikuskizuna (A.V./Hitza)
Luxuzko bertso saioa
Ekitaldiaren bigarren zatian bertsoak hartuko du protagonismoa. Uxue Alberdi, Andoni Egaña, Imanol Lazkano, Aitor Sarriegi eta Felix Zubia igoko dira taulara, eta bat-batean jardungo dute. Horrez gain, Basarriren bertso jarri batzuekin saio musikatu txikia ere eskainiko dute, Agosti Aranburu eta Xabier Etxabe musikari zarauztarren eskutik.
Skasti taldeak ere ekarpena egingo dio emanaldi horri, «ukitu modernoa» emateko. «Basarri ezagutu eta maite zuen jendea adin jakin batekoa da, eta adineko herritar horiek bertan izango direla espero dugu. Baina bertsolaritzarekin lotuta dagoen zerbait delako gazte jendea ere bertaratzea nahiko genuke». Talde zarauztarra izango da horretarako lotura. Eizmendiren bertso ezagun batzuen bertsioa egin du, garai bateko Basarri eta modernitatea uztartuz.
22:00etan izango da, Aritzbatalde kiroldegian. Sarrerak dagoeneko salgai daude, Sanz Enean, zortzi euroan. Egunean bertan ere erosi ahalko dira kiroldegiko leihatilan.