Ostiraletik zabalik dago Zarauzko Neguetxea. Hirugarren urtez jarraian, etxerik gabeko pertsonak hartuko dituzte bertan, negu gorrian babesean igaro dezaten gaua, besteak beste. Iaz 179 lagunek erabili zuten zerbitzu hori, 2011ean baino 78 pertsona gehiagok. Urtetik urtera zenbait pertsonen beharra handitzen doala ikusita, aurten ere Neguetxea martxan jartzea erabaki du Zarauzko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta, eta Caritas eta Gurutze Gorria elkarteek bultzatuta.
Monte Albertia parkean dago Neguetxea (Amaia Ventas/Hitza)
Martxoaren 25era arte izango ditu zabalik ateak Aldundiak Monte Alberdia atzealdean duen etxe horrek eta guztira 15 pertsonek hartu ahalko dute ostatu bertan. Lo egiteaz gain, beste hainbat zerbitzu eskainiko dizkiete etxegabeei bertan. Txus Manterola Caritas elkarteko ordezkariak azaldu duenez, «pertsona sentitzeko» beharrezkoak dira horiek: «Negua da eta gune goxo bat behar dute horiek gau hotzez babesteko. Baina batez ere, beharrezkoa da pertsona sentitzeko. Hala, afaldu, gosaldu. dutxatu eta arropa ere garbitu ahalko dute erabiltzaileek etxe horretan. Gainera, txartel bat ere emango zaie horiei, eguerdian herriko zenbait tabernetan otartekoa eta kafe beroa har dezaten.
Eraikineko bi solairu atondu dituzte horretarako, bata gizonezkoentzat eta bestea emakumezkoentzat, «euren intimitatea babeste aldera». 21:00etan sartu ahalko da bertara—21:30ean itxiko dituzte Neguetxeko ateak— eta goizean irten, 09:00etan.
50 boluntario inguru
Manterolak adierazi du hainbat bidetatik eskatu daitekeela plaza Neguetxean: Caritas, Gurutze Gorria, Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuak, Santa Maria Real Parrokia edota Udaltzaingora bertaratuta. Horiek gehienez hiru egunez hartu ahalko dute ostatu Neguetxean. Zazpi egun etxe horretatik kanpo igaro ostean itzuli ahalko dute berriz ere horiek beste hiru egun igarotzeko. Gainontzeko plazak, zortzi «Zarautzen kalean denbora daramaten» pertsonentzat gordeko dituzte eta lau hilabete geratu ahalko dute Neguetxean. 50 boluntarion laguntza izango dute horiek, Ane Eizmendi Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
Hala ere, zerbitzua urte osora zabaltzea lortzearen «garrantzia» nabarmendu du Caritaseko kideak: «Krisi garaian gaude eta jende asko dago kalean. Horiek zerbitzu honen beharra dute, ez neguan bakarrik». «Krisiak gogorren astintzen dituen pertsonak» babesteko «indarrak metatu» behar direla gaineratu zuen Jokin Melida Aldundiko ordezkariak.