Zarauzko Parekidetasun Sailak ikastaroak antolatzeko proposamenak egiteko eskatu du

Zarauzko Hitza 2013ko azaroaren 20a

Parekidetasun sailak ikaskuntza eta kontzientziatze prozesua ahalbidetu nahi du antolatzen dituen ikastaroen bidez. Hori dela eta sortu zuen 2009an Emakumeentzako Jabetze Eskola, emakumeak ahalduntze pertsonal eta kolektiboa eskuratzeko prozesuan aurrera egiten lagunduko dieten gaitasunak ikasi eta gara zitzaten bertan. Prestakuntzaren bidez, emakumeen partaidetza soziala eta politikoa bultzatzea du helburu, eta horretarako antolatzen diren ikastaroak askotariko adin eta interesak dituzten emakumeei zuzenduta egoten dira. Hala ere, parekidetasuna lortzeko prozesuan gizarte osoak parte hartu behar duenez, herritar guztiak hausnartu, trebatu eta sentsibiliza daitezen antolatzen ditu ekimenak. Irizpide horiek kontuan hartuta, ikastaroak antolatu ahal izateko adituen eskaintzak jaso nahi ditu sailak, bereziki Zarauzko eta Kostako profesionalena. Besteak beste, ikastaro mota, helburuak, proiektua, nori zuzenduta dagoen, egutegia, beharko diren azpiegiturak eta aurrekontua zehaztu beharko dituzte eskatzaileek, eta baita curriculuma eta esperientzia ere. Bestalde, aurrerantzean Emakumeen Jabetze Eskolak berak eta antolatzen diren ikastaro eta ekimenek izan behar duten bilakaera, erronkak eta helburuak herritarrekin batera erabakitzeko asmoa dauka Parekidetasun sailak. Hori dela eta, horren inguruko iritziak, proposamenak eta eskaerak bidaltzeko eskatu die zarauztarrei. Herritarrek zein adituek berdintasuna@zarautz.org helbidera bidal ditzakete proposamenak, edota Parekidetasun saileko bulegoan utzi, astelehenetik ostiralera 08:30etik 14:30era. Azaroaren 30a bitartean aurkeztu ahalko dira horiek. Informazio gehiago biltzeko, egin klik hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide