TAO sistema hobetzeko prozesua hasiko dute bihar Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko azaroaren 20a

Bileren egutegia
  • Azaroak 21, bihar.  Landa lurretako herritarrekin bilera udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan.
  • Azaroak 28, osteguna. Vista Alegreko herritarrekin bilera auzoko elkartean, 19:00etan.
  • Abenduak 4, asteazkena.  Aritzbatalde, Zelai Ondo, Mitxelena eta Itxasmendiko  herritarrekin bilera udal kiroldegian, 19:00etan.
  • Abenduak 9, astelehena.  Bigarren zonaldeko (trenbidetik hondartzarainoko gunea) herritarrekin bilera Iñurritzako lokalean, 19:00etan.
  • Abenduak 11, asteazkena.  Alde Zaharra, Salbide, Azken Portu Goia eta Azken Portuko herritarrekin bilera Azken Portuko Kristau Biltokian, 19:00etan.
Bilerak bihartik abenduaren 11ra bitartean egingo dituzte (Onintza Lete Arrieta/Hitza)   Zarauzko Udal Gobernuko ordezkariak herriko eragileekin bildu ondoren, bihar hasiko dituzte auzoz auzo bilerak TAO prozesuaren inguruan herritarren iritziak jaso eta egungo planteamendua hobetze aldera. Hain zuzen, landa lurretako bizilagunekin elkartuko dira udaletxeko pleno aretoan, 19:00etatik aurrera. Iaz abiatutako parte hartze prozesuaren bigarren fasea dela nabarmendu du Mugikortasun zinegotzi Mikel Goenagak. «Parte hartze prozesuaren bidez jasotako herritarren ekarpenekin osatu genuen iaz TAOri buruzko planteamendua.Orain eredu berriaren inguruko esperientzia izanda, herritarrengana joko dugu berriz ere, horren balorazioa egin eta planteamendua zuzentzeko». Udalak, bere aldetik, sistemaren orain arteko ibilbidea baloratu du. Goenagaren arabera, mugikortasun ikuspegitik jarritako helburuak bete dira: garraio publikoa jasangarriaren erabilerak gora egin du—udan herriko autobusak orain arteko erabilera zabalena izan zuen— ; oinezkoentzako zein bizikletentzako galtzadak «lasaitu» egin dira, eta  bisitarientzako aldirietako aparkalekuek zein autokarabanentzako guneak «arrakasta» izan dute uda garaian,besteak beste.    Herrira iritsitako ibilgailu partikularren kopurua mantendu egin dela jakinarazi du, berriz,eta TAOren aldaketak ez dutela «eraginik» izan zentzu horretan. «Bisitariak uxatzetik urrun, bisitari gehiago eta modu jasangarriagoan jaso ditugu». Ildo horretatik udako TAOaren planteamendua «bide onean» eginiko lanketatzat jo du. «Genituen helburuetatik gertu gauden sentsazioa daukagu. Bisitarien aparkatzeko ohitura aldatzeko gai izan da; herri inguruan ibilgailuak aparkatuz eta oinez, bizikletaz edo autobusez herri barrura mugituz, herriko kaleetan zirkulazioa lasaitzea lortu da. Orokorrean herritarrek aparkatzeko aukera gehiago izan dute, eta euren auzoetan lasaitasuna lortu da, nahiz eta gune zehatz batzuetan hausnarketa baten beharra egon», gaineratu du. Doiketen beharra Neguan, berriz, ez dela arazo nabarmenik izan azaldu du. Hala ere «gabeziak» badituela aitortu du. Zentzu horretan, hainbat gai aztertu eta neurri berriak hartuko dituzte. Alde batetik, jarduera berezietarako udako txartela sortuko dute, lanegunetan herriko gune urdin guztietan zein Itxasmendi, Vista Alegre eta Azken Portu Goiko gune gorrietan aparkatzeko aukera emango duena. Txartel hori 45 euro kostako da. Neguan, berriz, ibilgailu industrialek zonalde gorrietan zamalanak egin ahalko dituzte. Salbide eta Alde Zaharreko aparkalekuen gabeziari aurre egiteko, gune mistoa sortuko dute, Gaztainpe kaletik hasten diren Gipuzkoa eta Lapurdi kaleko tramoetan, Kasino kaleraino. Halaber, Salbideko aparkalekuaren saturazioa sahiesteko 1-1 gunea zabalduko dute. Salberdinen aparkatzeko muga zabalduko dute. Hala, lau orduz beharrean, egun osoan zehar utzi ahalko da autoa bertan. Eguerdiko etenak ere herri osora zabalduko dituzte. Zarauztarrek 13:00etatik 16:30era herri osoan libre aparkatzeko aukera izango dute horri esker. TAO txartelak lortzeko egin beharrako tramiteak arinduko dituzte baita ere, iazko ilara luzeak ekiditeko. Bihartik aurrera egingo dituzten bileretan aurkeztuko dituzte horiek eta beste zenbait neurri .

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide