Juan Luis Mendizabal Mendi margolari zarauztarra bere margolan sortaren aurrean, Merkatu Plazako goiko solairuan. (Aritz Mutiozabal/Hitza)
«Mundu honetan ibili naizen bazter guztietako lanak daude. Etxean gordeta neuzkanak. Ikusgai daudenak baino askoz gehiago ditut, baina jendeari erakusketarako eskatzen hastea sekulako nahaste-borrastea da, eta nituenekin osatu dugu. Edozein tokitan botata nituen horiek orain denak batera paretean jarrita ikusi ditudanean asko gustatu zait». Juan Luis Mendizabal
Mendi margolari zarauztarrari buruzko erakusketa antolatu du Kultura Sailak, jendea aurrean orain arte erakutsi gabeko lanekin.
Bizitza osoan bost mila koadro pintatuko zituela uste du Mendik, baina Merkatu Plazako atzera begirakoan bere ibilbide oparoaren lagin bat baino ez dago ikusgai. Edonola ere, ekipaje zabala da, neurri, garai eta gai ezberdinetako 150 bat koadro biltzen dituena. 1935 eta 2013 urteen artean margotutako koadroak dira, baina ez daude modu kronologikoan jarrita. Mosaiko koloretsua atondu dute.
Erakusketak ostiral arratsaldean zabaldu zuten, lagun eta herritarren presentziarekin, eta abenduaren 1a bitartean izango da ikusgai, egunero-egunero, 18:00etatik 20:00etara.
Koadro bat, istorio bat
Koadroak ez dira margolan hutsak. Bakoitzak istorio bat gordetzen du bere baitan, eta margolari zarauztarrak ez du inolako erreparorik hurbiltzden zaionari sekretua argitzeko. «
El angel de la muerte eskultura Chabriseko katedralean (Frantzia) zegoela esan zidan Jorge Oteizak, eta hara joan beharko nuela hura erretratatzera. Eta halaxe egin nuen, ikusten duzun bezala». 36ko gerra eta gerraosteko oraitzapenak testigantza piktoriko bihurtutak, Zarauzko hondartzaren hainbat ikuspegi, eta han-hemengo egonaldietako koloreak, argiak eta oroitzapenak aurkituko ditu bisitariak; batik bat, Iñurritza auzoa, Bretainia, Islandia,Gaztela eta Perun egindakoak.
«Ez naiz sekula profesionala izan, eta, egia esan, poza ematen dit niri buruzko halako erakusketa batek», nabarmendu du artista beteranoak. Mendi bera «berezia» dela zehaztu zuen kultur zinegotzi Gari Berasaluzek. «Zarautzek asko zor dio margolariari. Gainera, ez dut uste beste artistarik izango denik munduan leku zehatz bat hartu eta 365 egunetan paisaia bera margotu duena». Esperientzia horri buruz
365 egun Mendirekin film laburra egin du Ispilu Artek, eta azaroaren 29an estreinatuko dute, 19:30ean, egitasmo honen barruan.
Jorge Oteiza bezalako artista handiak izan zirelako edo, Mendiren lana «bigarren maila» batean geratu dela dio Berasaluzek. «Baina herri honi asko eman dio, eta hori aitortu nahian antolatu dugu erakusketa hau, haren lagunekin elkarlanean; hau da, Ispilu Arte, Artezaleak eta Salbatore Mitxelena Ikastolaren laguntzarekin». Bestalde, Manu Urbieta arduratu da margolanak hormetan txukun-txukun jartzen.
Ikastolako haurrekin batera eginiko marrazkiak (A.M./Hitza)
Erakusketaren osagarri gisa, margolariak astelehenero hamar urtez –2000 eta 2010 urteen artean– Salbatore Mitxelena Ikastolako haurrekin batera margotutako lanak erakutsi dituzte. Hori eskertu nahian, ostiral honetan Ikastolako neska-mutilek, Josu Txapertegi Txapas-en eta Porrotx pailazoaren laguntzarekin, Mendiri buruzko abestia kantatuko dute. Saioa 18:00etan izango da. Datozen asteetarako ere izango da ekitaldirik; esaterako, Patxi Santamaria aktoreak omenaldi-bakarrizketa eskainiko du.