"Dantzak balore asko ditu, eta askotan ahaztu egiten ditugula iruditzen zait"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko azaroaren 19a

(Amaia Ventas/Hitza) Zarautzen euskal dantza asko zabaldu da azken urteetan, Unai Lazkanoren (Zarautz, 1973) arabera. «Aiko taldeak jende ugari biltzen du, muxikoak antolatu direnean ere jende pila bertaratzen da... Indarra badu, dudarik gabe». Mollari eta Iratzarri taldeak indarra galduta zeudenez, iaz elkartu eta talde bakarra osatzea erabaki zuten dantzariek: Jalgi. Horren nondik norakoen eta dantza taldearen etorkizuneko erronken inguruan jardun du dantzariak. Nola baloratzen duzu lehenbiziko urtea? Ebro Etxean areto txukuna utzi digute, eta egokitu eta aurrera egin dugu denbora honetan. Aurrerapauso handia izan da alde horretatik. Urtetan gainbeheran egon den alor bat indartu da. Orain arte martxa hartzen joan gara. Bi dantza taldetako irakasleak zeuden eta bakoitzak bere irakasteko modua dauka. Hori bateratzen-eta jardun dugu, eta lan polita egin da. Orain jende gehiago erakarri nahi dugu. Zenbat dantzari daude egun Jalgi taldean? Aurten 30 bat dantzari berrik eman dute izena; horietatik bost soilik ziren mutilak. Eta azkenean, bakarrak jarraitu du eskoletara etortzen. Horren aurrean, Lehen Hezkuntzako mutilei deialdia egin diegu, dantza proba dezaten.17:00-18:00 bitartean etor daitezke haurrak Ebro Etxera. Gustatzen zaienek jarrai dezatela, eta ez dutenek gogoko utz dezatela, inongo konpromisorik gabe. Eta ez horiei bakarrik, baita helduei ere. Ostegunetan 20:00etatik aurrera dantzari izan diren herritarrak elkartzen dira. Ibili ez direnak ere gonbidatuta daude, noski. Zarautzen, izan ere, dantzari pila gaude. Euskal Jai Egunean, esaterako, jendetzak dantzatzen du fandangoa eta arin-arina. San Joan gauean ere dantza egiteko deialdia egin genuen, eta jende heldu mordoa etorri zen.Oso polita izan zen. Ikusi genuen Zarautzen gogo handia dagoela dantza egiteko. Zer ekarri dizu zuri Zarauzko betiko bi dantza taldeak bateratzeak? Urte askoan irakaskuntza alde batera utzita izan dut, eta orain berriz ere heldu diot dantza irakasteari. Bateratze honetan, beste alde bat landu dugu: irakasleak berriz ere dantza egiten hasi gara.  Asko berriz ere dantzari sentitzen hasi dira. Izan ere, urte askoan irakasle izan denak erreta buka dezake, ikastaroak eman eta dantza egin gabe. Irakasle izateko arrazoia bete gabe. Horregatik, bizigarri bat izan daiteke. Eta ikasleek ere gu dantzan ikusteak animatu egiten ditu jarraitzera. Hori salto kualitatibo handia da. Haurrek ikusten dutelako helduak ere dantzan jarraitzen dutela, talde bat osatzen dutela eta ez dela ikastaro osagarri sinple bat soilik. Ez dela aisialdiko zerbait edo denbora pasa soila. Nik Mollarri dantza taldean nengoenean ikusi nuen hori. Hamaika urterekin taldean bakarrik geratu nintzen, ez baitzuen nire lagunetatik inork jarraitu. Baina helduagoen taldera gehitu nintzen, eta haiekin jardun nuen entseatzen. Azken finean, ispilu bat behar dute haurrek, bestela oso zaila da segitzea. Beti dago dantza egiteko aukera, baina beti behar da erreferentea. Hala ere lan pila bat falta da egiteko. Dantzan oso gutxik egiten dugu, zortzi inguruk. Eta askok ezin dute luze konprometitu, bestelako kontuak dituztelako. Adin batetik aurrera, agian, ezin dute herriz herri dantza ibili, esaterako. Iaz gaztetxoen taldeko lau neska helduen taldean sartu dira aurten. Horiek laguntzaile gisa ere hasi dira eskoletan parte hartzen. Haurrei nola irakatsi ikasten dute saio horietan. Hori dela eta, belaunaldien salto hori ere egon daiteke. Eta zer eman diezaioke dantzak haurrari? Euskal dantzak asko ematen du. Batetik, ariketa fisikoa da, gorputza lantzen da dantzan. Eta bestetik, balore ugari biltzen ditu: tradizioa, elkarlana, adiskidetasuna, folklorea, berdintasuna...Izan ere, taldean berdintasuna  mantendu behar da, lehia alde batera utzita. Taldekide batzuk %60 ematen badute eta beste batzuk %90a, azken horiek besteen mailara jaitsi behar dute denek antzeko egiteko. Guztiek maila berean egotea lortu behar da. Gerora, bakarka jardun behar duenean erakutsiko du harek bere abilezia. Taldeko dantza den heinean elkarlana landu behar da. Era berean, musikalitatea eta erritmoa eta belarria jorratzen da. Dantzak balore ugari ditu eta iruditzen zait askotan ahaztu egiten ditugula. Ez ondare kulturala delako soilik, kirola egiteko modua ere badelako. Horregatik,  haurren dantza talde indartsu ba ez egotea tristea iruditzen zait.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide