Auzipetuei babesa Zarautzen eta Azpeitian, Libre Egunean

Urola Kostako Hitza 2013ko azaroaren 16a

Zarautzen eta Azpeitian ari dira Libre Eguna ospatzen. Pasa den hilabetean Espainiako Auzitegi Nazionalean abiatu zituzten bi makroepaiketetan auzipetutakoei babesa eskaintzea da helburua. Ia berrehun pertsona daude bi prozesu politiko horien «atzaparretan erorita»: 26/11 izena du lehenak eta gazte mugimendu independentistaren aurkakoa da; bigarrena, 35/02 deritzona, berriz, HB, EH eta Batasunaren aurkakoa da. Zarautzen eguerdian hasi da Aitor Larrañaga Peli orma irudia margotzen eta txerrikumeak erretzen, ondoren mokaduak eskaintzeko. Montetxio abesbatzak kantatuko du gero, eta arratsaldean, 18:30ak aldean dantzaldia hasiko da, Lou Topet eta Eromena taldeekin. Azpeitian eguerdia artean herri jolasak jokatu dira plazan Azpeitia eta Zestoa taldeen artean eta trailerraren apustua ere egin dute. Ondoren, herri bazkaria izan da Berdura Plazan. Arratsalderako, 17:00etan, pailazoak daude Sanagustinen eta 18:00etan, herriko plazan, Eskutik eskura dabilen harriari goroldiorik ez... ekimena egingo dute. Segidan, Skandalue elektrotxaranga ibiliko da kaleetan eta 22:30ean, Cold Revenge, Los Galerna eta Screamers & Sinners taldeen kontzertuak izango dira Sanagustin kulturgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide