Egitaraua
- 09:00. Goizeko Ihintza txistulariekin diana kaleetan. Txerria burduntzian Musika Plazan.
- 11:00. Orma irudiaren pintaketa.
- 12:00. Musika Plazan informazio banaketa. Txerriki mokadua eskainiko dute, txotxeko sagardoarekin lagunduta. Montetxio abesbatzak, bertsolariek eta ekitaldi musikalak.
- 18:30-22:00. Dantzaldia. Lou Topet eta Eromena taldeen emanaldiak .
Pasa den hilabetean Espainiako Auzitegi Nazionalean abiatu zituzten bi makroepaiketetan auzipetutakoei babesa eskaintzeko Libre Eguna antolatu dute biharko, Zarautzen. Ia berrehun pertsona daude bi prozesu politiko horien «atzaparretan erorita»: 26/11 izena du lehenak eta gazte mugimendu independentistaren aurkakoa da; bigarrena, 35/02 deritzona, berriz, HB, EH eta Batasunaren aurkakoa da. Berrehun lagun horietatik hirurogeita hamabost ETAren aginduetara jokatu izana edo lan politikoa eginez hura lagundu izana leporatzen diete. Hain zuzen, hori egotzi diete Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrei.
Besteak, 110, guztira, kultur elkartetako ordezkariak dira, «erantzule zibil gisa» deituta. Horien artean daude Azkoitiko Zakela Kultur Elkartea, Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartea, Getariko Harralde Kultur Elkartea, Zarauzko Arrano eta Zumaiako Inpernupe daude auzian.
Bi epaiketen oinarrian «estrategia» bat dagoela adierazi dute Arrano Kabia elkartekoek: «dena ETA da» dioena,Madrilen 90. jamarkadan bukaeran diseinatu zutena. Estrategia horrek indarrean jarraitzen duela salatu dute, «nahiz eta ETAk duela bi urte behin betiko amaitutzat eman zuen bere jarduera armatua».
Auzipetuei elkartasuna adierazte aldera, egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako. Txerria burduntzian, orma irudiaren pintaketa, Montetxio abesbatza, bertsolariak, informazio banaketa eta ekitaldi musikalak izango dira, besteak beste.
Salaketa «zehatzik» ez
Akusazio eredu bera dute bi epaiketek: iritzi polizialetan oinarritutako akusazioa dela diote eta instrukzio-epaileek bere egin dutela. «Atxilotu ondorengo inkomunikazio garaian lortu zituzten testigantzez gain, txosten polizialetan oinarritzen dira salaketak», nabarmendu dute: «Txosten horiek egiteko propaganda eta informatikako osagaiak hartu dituzte froga gisa: batzuk etxebizitzen eta lokalen erregistrotan aurkitutakoak dira, eta beste batzuk jarraipenak eginez eta jardun publikoa (prentsaurrekoak, manifestazioak eta bilerak) zelatatuz eskuratuak».
Sumarioa herriko tabernekin lotzen duten arren, kultur elkarte horien aurka salaketa zehatzik ez dutela egin ohartarazi dute: «Modu orokor batean zera diote: herriko tabernek ETA finantzatu dutela; baina, defentsak nabarmentzen duen bezala, ez dute esaten ez nola, ez non, ez zenbat».
Salaketa idatzian, zehazki, hiru kontu soilik aipatzen dira: Egin egunkariari eman zitzaion mailegu bat, Lurralde koordinakundeari eman zitzaion beste bat, eta hiru presoren alde ordaindutako hiru fidantza. «Alabaina, akusazioak dio herriko tabernek ETA finantzatu zutela, eta ETAk, herriko tabernak, nahiz eta diru fluxurik ez erakutsi». Auzitegi bereziak tesi hori onartzen badu, elkarte horien ondasun eta jabetza guztiak konfiskatu ditzakeela gogorarazi dute.