26 sute alarma jarri dituzte Zarauzko Alde Zaharrean

Zarauzko Hitza 2013ko aza. 15a, 04:00

80 urtetik gorako herritarren etxeetan jarri dituzte alarmak A Tiempo enpresarekin elkarlanean, 26 sute alarma kokatu ditu Zarauzko Udalak Alde Zaharreko 21 etxebizitzatan, bertan bizi direnek hala eskatuta. 80 urtetik gorako herritarrak dira etxejabeak.  Euskal Herrian gertatzen diren suteen %80 adin horretakoen etxebizitzetan gertatzen dira. Zarauzko Alde Zaharrean adin tarte horretako 100dik gora pertsona bizi dira eta eraikin askok ez dute eraikin modernoek suteen aurka duten babesa. «Etxe horietako askok egurrezko egitura dute. Kasu askotan adineko jendea bizi da etxebizitza hauetan, eta horregatik, 80 urtetik gorakoak bizidiren etxebizitzetan sute aurkako alarmak ezarri ditugu», azaldu dute udaletik. Jakinarazi dute teknikariak etxebizitza guztietan izan direla bertatik bertara aztertzeko kasu bakoitza, gerora ondoen egokitzen den sistemak ezartzeko. Sute alarmez gain, etxebizitza bakoitzean krokis bat egin da larrialdi kasuetan ebakuazioa nola egin azaltzeko. Babes gidaliburu bat ere eman zaie etxebizitza hauetako biztanleei, etxean sute bat piztuz gero nola jokatu jakin dezaten, eta oinarrizko segurtasun azalpenak ere eman zaizkie. Doan Zerbitzu horiek guztiak doan eskaini ditu udalak; herritar horiek ez dute ezer ordaindu beharrik izan. Zarautz Ehuntzen  udal planaren baitan egin dute honakoa eta  adin horretako pertsonen autonomia eta segurtasuna bermatzeko testuinguruan kokatu du udalak. Alde Zaharrean sute alarmak jarri ondoren, babes neurri hau herri guztira zabaltzeko asmoa du Zarauzko Udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide