Literatura Eskolaren ikasturteko bigarren saioa Txinako literatura garaikideaz izango da, eta Maialen Marin-Lacarta (Donostia, 1983) itzultzaileak gidatuko du. Literatur lantegia Sanz Enea liburutegian egingo dute etzi, 10:00etan hasita; saioa 5 euro kostako da, eta langabetuetzat 3. Hizlariak harreman estua du Txinako literaturarekin eta idazleekin; izan ere, gai horri buruz egin zuen doktore-tesia, eta egun irakaslea da Universitat Oberta de Catalunyan. Bihar, gainera, Mo Yan idazle txinatarraren
Hori da umorea, maisu! ipuin-bildumaren itzulpena aurkeztuko du.
Literatura txinatarra arrotza al da Euskal Herrian?
Urte asko daramat atzerrian, baina literatura txinatarra Euskal Herrian nahiko ezezaguna dela iruditzen zait. Euskaraz oso itzulpen gutxi daude, gehienak zeharkakoak dira, eta ia denak testu klasikoak. Larunbatean literatura modernoaz eta garaikideaz mintzatuko naiz, XX. mendeko literaturaz, hain zuzen ere.
Hitzaldiak muga geografikoak gainditu eta haien berri ematea al du helburu? Horretarako nola planteatuko duzu hitzaldia?
Egia esan, edozein literatura irakurtzean muga geografikoak desagertzen direla iruditzen zait. Hitzaldi bat baino gehiago literatura-lantegi bat izango da larunbateko saioa. Hainbat testu irakurri eta komentatuko dugu. XX. mendeko lau egileren testuak aitzakitzat hartuko ditugu literatura honi buruz aritzeko: Lu Xun, Shen Congwen, Yu Hua eta Mo Yan. Horretarako hainbat datu historiko ere azaldu beharko ditut, baina lantegi honen helburu nagusia landuko ditugun testuei buruz hitz egitea da.
Ezberdintasun kulturalen eta linguistikoen gainetik, parekidetasunik ba al dute hango istorioek edo kontatzeko moduek euskal literaturakoekin?
Literaturak adierazten dituen kezkak eta sentimenduak askotan unibertsalak dira. Horregatik da interesgarria jatorri, garai, adin edota lurralde askotako idazleen testuak irakurtzea. Literatura txinatarraren kasuan, testu mota eta estilo ugari topa daitezke. Irakurlearentzat erraza da beraz konparaketak egin eta lanen artean antzekotasunak aurkitzea. Mo Yanen lana, adibidez, Gabriel Garcia Marquezenarekin konparatu ohi da, eta Yu Huarena Kafkarenarekin. Ziur nago irakurle arretatsua datorren larunbatean irakurriko ditugun autore txinatarrak euskal idazleren batekin konparatzeko gai izango dela.
Zer bereizgarri ditu Txinako literatura garaikideak?
Larunbateko lau orduko saioa laburra iruditzen zait gai zabal honetaz hitz egiteko. Beraz, orain hitz gutxi batzuetan are zailagoa egiten zait galdera honi erantzutea. 80ko hamarkadatik gaur egun arte sortutako literaturari deritzo literatura garaikidea Txinaren kasuan, eta gertakari nahiz literatura korronte ugari hartu behar dira kontutan. Larunbatean Literatura Eskolara hurbiltzera gonbidatzen zaituztet, bertan aztertuko baititugu testu moderno eta garaikide gutxi batzuen ezaugarriak. Nire helburu nagusia partaideek Txinako literaturarekiko jakin-mina piztea da. Gero etxera itzultzean irakurtzen jarraitzea espero dut!
Badirudi goraka datorrela, ezta? Gero eta gehiago begiratzen zaiola hango lumei, alegia.
Mo Yanek Nobel saria irabazi izanak eragina izan du, dudarik gabe. Ea honek ere itzulpen berriak sustatzen dituen.
Eta dauden itzulpenak zer moduzkoak dira? Zertan asmatu dute eta zertan ez?
XX. mendeko literatura txinatarra euskaraz irakurri nahi izanez gero, oso aukera gutxi ditu irakurleak. Itxaro Bordak itzulitako hainbat poema garaikide agertu ziren 1985ean Maiatz aldizkarian. Mao Zedongen poemak ere itzuli ziren 80ko hamarkadaren amaieran. Baina poema horietaz gain, beste itzulpenik ez dut aurkitu. Narratiba garaikideari dagokionez, bihar aurkeztuko dugun Mo Yanen ipuin-bilduma izango da lehenengo itzulpena. Orain arte itzuli diren obra gehienak klasikoak dira, Tang garaiko poesia batez ere. Bestalde, gaztelaniaz argitaratzen diren itzulpen ugari zeharkakoak dira. Mo Yanen itzulpen gehienak zeharkakoak dira, adibidez, ingelesetik eginak. Bai gaztelaniaz bai euskaraz lan handia geratzen zaigu oraindik ere.
Mo Yan-en Hori da umorea, maisu! eleberria aurkeztuko duzu bihar, Aiora Jakarekin batera itzuli duzuna, Jokin Zaitegi Bekari esker. Zer-nolako esperientzia izan da?
Oso esperientzia polita izan da. Orain arte egin ditudan itzulpenak gaztelaniaz izan dira. Hau da nire lehen itzulpena euskaraz, eta horregatik proposatu nion AioraJakari elkarrekin lan egitea. Aiorak txineraz ez dakien arren, bion artean landu ditugu ipuinak, buelta asko eman dizkiegu eta emaitzarekin oso pozik gaude. Itzulpenaren inguruan hausnarketa oso interesgarriak agertu dira lan-prozesuan zehar. Biok ikasi dugu, eta, gainera, testuak irabazi duela iruditzen zait. Esan ohi den bezala, lau begik bik baino gehiago ikusten dute.
Nolako eleberria da? Eta zer topatuko irakurleak kontakizunean?
1985 eta 2000 urteen artean idatzitako zortzi ipuinez osturiko bilduma bat da. Jorratutako gaiak oso ezberdinak dira: Japoniarren kontrako Erresistentzia Gerra, Iraultza Kulturaleko gazte ikasien egoera, 80ko hamarkadako haur-abandonatzeak, eta abar. Baina Mo Yanen estilo aberatsak gai hauek bigarren mailan uzten ditu, eta bere idazkerak harrituko du irakurlea: ironia, samurtasuna, gordinkeria eta magiak betetzen dituzte orriak.