EH 11 Kolore egitasmoa aurkeztu dute Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko azaroaren 13a

«Euskal Herrian bizi garen pertsona guztiok, bertan edo beste herri batean jaioak izanik ere, euskal herritarrak gara. Hemen jaiotako pertsona oro, beste herri batean bizi arren, Euskal Herria bere herria dela sentitzen duena, hori ere euskal herritarra da. Lur hau utzi behar izan zutenek,edo itsasoaren beste aldetik etorritakoek, ipar, hego nahiz ekialdetik, eta hemen bertan jaiotakoek, hemen bizi ala ez, denok batera, bizi dugu, sentitzen dugu, egiten dugu,... gara, Euskal Herria». Hala dio EH 11 Kolore ekimenaren manifestuak. Herritar guztien eskubide, betebehar eta aukera berdintasuna defendatzea; euskal giartearen kultura aniztasuna sustatu eta babestea; jatorri askotako euskal herritarren arteko topaketa, elkarrekintza eta elkarlanaren alde egitea  bultzatzea du helburua. Iazko abenduan abiatu zuten Donostian, eta ordutik hainbat ekimen egin dute helburu hori lortzeko bidean. Besteak beste, ekainaren 1a Aniztasunaren Eguna izendatu eta 11KoloreFest egin zuten Donostiako kaleetan zehar. Herenegun arratsaldean aurkeztu zuten Zarautzen, eta herritarrak mugimendura gehitzeko deialdia egin zuten. Izan ere, eztabaida eta hausnarketa egin ahal izateko jendea biltzea beharrezkoa dela nabarmendu zuten ordezkariek. Era berean,  herrian Aniztasunaren Eguna antolatzera animatu dituzte herritarrak eta baita gaiaren inguruko proposamenak egitera ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide