'Migrazioei buruzko bizipenak' kanpaina abiatuko dute Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko azaroaren 14a

‘Compañeras de viaje’ dokumentaleko irudi bat. Bidez Bidek antolatuta, azaroan eta abenduan askotariko saioak egingo dituzte, zarauztarrak, bertakoak nahiz kanpotik etorritakoak sentsibilizatzeko helburuarekin. Datozen asteetarako hainbat ekimen antolatu du elkarteak herrian, batetik  hegoaldeko herrialdeetako egoera eta gizon eta emakumeen emigratzeko arrazoiak ezagutarazteko, eta bestetik, migrazio eta zaintzaren katean emakumearen paperaren berri emateko.  Elkarteko kideen arabera, emakumeak dira nagusiki haur eta aiton-amonen zaintza lanetan dihardutenak, beren jatorrizko herrialdetan zein gure herrietan. Errealitate hori Zarautzzen ere «nabarmena» dela diote eta, besteak beste, hori ikustaraztea izango dute xede jardunaldiek. Biztanlegoa sentsibilizatze aldera, aisialdira begirakoak izango dira, sormena lantzeko. Ildo horretatik, azaroko zein abenduko asteburutan graffiti tailerrak eskainiko dituzte Antoniano ikastetxean. Bestalde, Haurron  edo gure aiton-amonen zaintzaile etorkinak argazki lehiaketan hartu ahalko dute parte Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako gaztetxoek eta DBHko ikasleek, Ikatz argazki dendak lagunduta. Jakinarazi dutenez, lehiaketaren oinarriak herriko ikastetxeetan zabalduko dituzte. Kontu kontalari saioa ere izango da Sanz Enean, Miriam Mendozak gidatuta. Abenduaren 8an izango da hori, 17:30ean. Jardunaldi hori LHko 4. eta 5. mailako haurrei zuzenduta egongo da. Abenduaren 14ean, berriz, rap kontzertuak egingo dituzte Antonianon. La Omega eta Zarauzko rap-kantariek eskainiko dute. Era berean, Oskar Tejedor zuzendariaren Atrapados laburmetraia emango dute Putzuzulon, abenduko lehenbiziko astean. Erakusketa Merkatu Plazan Hirugarren adineko herritarrei zuzenduta, Gu, aiton-amonak, edo gure biloben zaintzaile etorkinak argazki lehiaketa ere antolatu du Bidez Bide elkarteak. Horren oinarriak, ordea, Jubilatuen Hogarrean eta Santa Ana zahar etxean banatuko dituzte datozen egunetan. Tejedorren Compañeras de viaje dokumentala ere emango dute Udaberrin. Halaber, Rosa Villafuerte argazki perutarrak Angeles de la guarda erakusketa zabalduko du hilabete honetako azken astean, Merkatu Plazako lehenbiziko solairuan. Abenduaren 17an amaituko dute kanpaina, Etorkinen Nazioarteko Egunaren bezperan. Orduan egingo dute argazki lehiaketetako sari banaketa eta irabazleen lanak erakutsiko dituzte. Bidez Bide elkarteak herritarrak ekimenetan parte hartzera gonbidatu dituzte, etorkinen errealitatea eta bizipenak ezagutzeko eta guztien ongizatea bultzatzeko «baliagarri» izago direlako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide