Txarteldun auto bat mugikortasun mugatua duten pertsonentzat gordetako aparkaleku batean (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Mugikortasun mugatua duten pertsonentzat bereziki gordetako 124 aparkaleku daude Zarautzen . Horietan autoa utzi ahal izateko txartela, berriz, 346 lagunek dute. Gehienek modu egokian erabiltzen badute ere, zenbaitek «legez kanpo eta elkartasunik gabe» aparkatzen duela nabarmendu du Zarauzko Udaltzaingoak. Esaterako, txartel horietatik 51 hildako pertsonei dagozkiela ohartarazi du. Horrez gain, ezinduentzako txartel faltsuak ere atzeman dituztela jakinarazi dute udaltzainek.
Hori horrela, herritar batzuk txartel horren erabilerarekin «tranpa» egiten dutela ohartarazi du Jabier Etxaburuk, Udaltzaingoaz arduratzen den zinegotziak. Eta horrek mugikortasun arazoak dituztenei kalte egiten diela. «Mugitzeko zailtasunak dituztenei erraztasunak emateko sortu ziren txartel eta aparkaleku horiek, eta hor iruzurra egiten duen jendea baldin badago, konturatu behar du nori egiten dion kalte. Benetan espazio horren beharra dutenak kaltetzen ari dira».
Horiek eta bestelako irregulartasunen aurrean Zarauzko Udaltzaingoak mugikortasun urrikoentzako aparkalekuen inguruan iruzurra ekiditeko kanpaina abiaraziko du. Ildo horretatik, txartel hori baliatzeko egoeran ez dauden zarauztarrei itzultzeko eskatu diete, espazio horien erabilera egokia bultzatzeko.
Gehienez 24 orduz
Udalaren arabera, autoa da mugikortasun mugatua duten pertsona askorentzat irisgarritasuna bermatzeko «modu bakarra». «Elbarrituak, gaixoak, adinekoak.. kasuistika zabala da, baina txartelaren funtsa zailtasunak dituztenei herritik mugitzea eta bizimodu ahalik eta erosoena bermatzea da». Hain zuzen, helburu horrekin banatzen ditu udalak txartelok: arazoak dituztenen egoera arindu eta etxetik ahalik eta gertuen autoa uzteko erraztasuna izan dezaten. Hala, ezintasunak dituzten pertsonentzako aparkaleku txartela daramaten ibilgailuak soilik utzi ahalko dira mugikortasu urriko pertsonentzat gordetako aparkalekuetan. Horri dagokionez, gogoratu dute txartelaren titularra autoan doanean soilik erabili ahalko direla aparkaleku horiek.
Halaber, erabiltzaileek gune berezi horietan gehienez 24 orduz aparkatzeko aukera izango dute. Denbora hori igarota ibilgailua beste aparkaleku batera mugitu beharko da, beraz. Baldintza hori betetzen ez denean, Udaltzaingoak autoa erretiratuko dute. Era berean, ezingo da aparkaleku hori erabili autoa bertatik atera eta hamabi ordu pasatu arte.
Berariaz ezarritako lekuetan ez ezik, TAO eremuetan doan aparkatu ahalko dute txartela dutenek, eta salbuespen gisa, oinezkoen eremuetan ere utzi ahalko dute autoa, beti ere denbora tarte labur batez. Ezingo da hori egin, ordea, errotazio altuko eremuetan..