Pepa Bojo psikologoak eskainiko du ikastaroa. (Nerea Aranguren/Hitza)
Zarauzko Udaleko Parekidetasun Sailak eta Immigrazio Zerbitzuak
Eta zu nork zaintzen zaitu? ikastaroa antolatu dute. Zarauzko emakume etorkinei zuzenduta dago, eta Pepa Bojo psikologoak eskainiko du. Ikastaroan, zainketa lanetan aritzen diren emakume migratzaileen ongizatea landuko da, zazpi saiotan. «Zaintzak erantzukizuna, kezka, gainkarga eta nekea eragiten ditu, eta gainera norbere bizitzako denboraren zati handi bat hartzen du. Emakume etorkinen kasua larriagoa da: batetik, familia bere jatorrizko herrialdean dagoelako eta, bestetik, arau eta ohitura bereziak dituen gizarte-ingurune berri batera egokitu behar izaten dutelako», diote antolatzaileek. Hori dela eta, zaintzaileek euren burua zaintzea «funtsezkoa» da, «pertsonalki zein lanean ondo sentitzeko». «Garrantzitsua da erlaxatzen ikastea, zainketarekiko emozioak ondo kudeatzea eta norbere buruarentzat tartea hartzea».
Ikastaroa azaroaren 7an, bihar hasiko da eta ostegunero izango dira eskolak urte bukaerara arte. Arratsaldez elkartuko dira parte-hartzaileak, 15:00etatik 17:00etara. Interesa dutenek Zarauzko Udaleko Immigrazio Zerbitzuan eman dezakete izena, 943- 00 51 27 telefonora deituta edota
jaranguren@zarautz.org helbidera mezua bidalita. Hamar euro kostako du horrek. Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek
berdintasunazarautz.blogspot.com.es webgunea bisita dezakete.