Ezkerretik eskuinera, Mireia Alberdi, Jaione Eskudero, Iosu isasti eta Garbiñe Aizpitarte. (Amaia Ventas/Hitza)
Inoiz egin ez den bezala». Hala uztartu dituzte ahotsak, musika eta dantza
Arantzazu poema sinfonikoa ikuskizunean Zarautz Abesbatzak, Zarauzko Musika Bandak eta Gabota dantza eskolako irakasle eta ikasleek. Inazio Eizmendi
Basarri-ren jaiotzaren mendeurrenaren harira prestatu dute «emanaldi eder» hori, eta azaroaren 15ean eskainiko dute.
Zein lotura dute, ordea, Basarrik eta poema sinfoniko koral horrek? Arantzazu da gakoa. Aita Patxi Madina musikari oñatiarrak egin zuen obra hori, eta 1956an aurkeztu zuen Arantzazuko basilika berriaren inaugurazioaren harira Aita Karmelo Iturria zarauztarrak antolatutako konposizio lehiaketara.
Poema sinfonikoa osatzeko testu gehienak Salbatore Mitxelena zarauztarraren
Arantzazu euskal-sinesmenaren poema-tik hartu zituen Aita Patxi Madinak. Duela lau bat urte Zarautz Abesbatzak lan horren partitura bandareko egokitzea erabaki zuen, edonoren eskura gera zedin. Alain Sancho musikariak transkribatu zuen. Eta Basarriren jaiotzaren mendeurrena dela medio, herriko musika bandarekin eta Gabotako dantzariekin poema eszenaratzea otu zitzaion Jaione Eskuderori, abesbatzako zuzendariari. Haren arabera, Basarrik «asko maite» zuen Arantzazu. «Bere oporraldiak han igarotzen zituen, noiz nahi egoten zen Arantzazun. Han aurkitzen zituen bakea eta haizeak on egiten zioten. Horregatik ikuskizun horretan bera izango dugu gogoan», nabarmendu du.
Baina ez bera bakarrik. Aita Salbatore Mitxelena olerkilari, idazle eta euskaltzalea,
Iñurritza deitzen zioten hori; Aita Karmelo Iturria euskaltzalea eta Aita Patxi Madina musikaria ere omenduko dituzte Zarautz Abesbatzak, Zarauzko Musika Bandak eta Gabota dantza eskolak. Horretarako «lan mardula» egin dute hiru eragileek, Iosu Isasti herriko musika bandako zuzendariaren arabera. Eta «pozik» daude emaitzarekin. «Hamabi zati ditu poema sinfonikoak, eta denetarik dago: sentimendu askoko mugimenduak, beste batzuk indartsuak, tartekoak ere...Musika bandak eta dantzariek ematen diote itxura ikusgarria ematen diote».
Dantzarientzat ere «plazerra» izango da bertan parte hartzea. Gabotako irakasle Garbiñe Aizpitartek azaldu du eurek poema sinfonikoko lau zati aukeratu dituztela, haientzat «bereziak» direlako. «Lan horretan finean istorio bat kontatzen da», gaineratu du Mireia Alberdik, Gabotako irakasleak: «Eta guk lau eszena hautatu ditugu: udaberriko festak, herriko dantza eta erromeria, herritarren otoitzaldia eta Arantzazuko amari omenaldia».
Oñatiko abesbatza gonbidatu dute parte hartzera, baita Inaxio Goenaga eta Joxe Gurrutxaga tenore zarauztarrak, Amaia Azpiazu Oñatiko sopranoa eta Agustin Zubimendi baritono zumaiarra ere. Guztira, 150 lagunek hartuko dute parte
Arantzazu poema sinfonikoa emanaldian. Zarauzko Aritzbatzalde kiroldegian izango da hilaren 15ean, 22:00etatik aurrera. Hilaren 30ean, berriz, Arantzazuko santutegian eskainiko dute, 18:00etatik aurrera. Sarrerak dagoeneko salgai daude Zarauzko Turismo Bulegoan, hamar euroan.