Oier Aranzabal eta Eneko Agirre, Paperezko Kontzertuak egitasmoaren aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Musikazaleak eta musikariak elkartuko dituen plaza «ezberdin bat» sortzeko gogoz dator Paperezko Kontzertuak egitasmoa. Garoa liburu-dendak jarri du abian, kultur eragile modura, eta aurretik Paperezko Lagunak irakurle taldearekin urratutako bide eta ildo beretik jo du, baina oraingo honetan musika ardatz hartuta. Musikaria entzuleengana hurbiltzeko, eta entzulea musikariarengana.
Bi helburu nagusi zehaztu dituzte. Alde batetik, artistaren eta publikoaren arteko betiko formatua saihestu eta gertuagoko zerbait eskaintzea. «Euskal Herrian oso ezaguna ez den plaza mota bat eskainiko dugu, ohiko plazetan dagoen beirarik, hierarkiarik eta oholtzarik gabe. Musikazaleak eta artistak testuinguru intimo batean bildu, zuzeneko musika partekatuz eta solasaldi batean parte hartuz. Une bereziak sortu nahi ditugu, eta musikazaleentzat nahiz musikarientzat opari bat izan nahi du», aditzera eman du ekimeneko koordinatzaile Oier Aranzabalek.
Bestetik, musika bideoen artxibo bat sortu nahi dute sarean. Nazioartean ikus-entzunezko hainbat formatu arrakastatsu egin dira, eta AEBetako NPR irrati katearen Tiny Desk Concerts eredua izango dute oinarri. «Zarauzko Debolez ekoiztetxearekin elkarlanean, interesgarria iruditu zitzaigun une berezi horiek grabatzea, eta sarean bilduma bat osatzea». Modu gordinean, akustikoan, abestutako kantak eta solasaldietako «errepikatuko ez diren uneak» jasotzea, hain zuzen ere. Gisa horretan, gainera, musikariek beraiek beren lana hedatzeko euskarri bat izango lukete, eta Paperezko Kontzertuetara etorri ahal ez dutenek gozatzeko aukera.
Hiruko programa
Kontzertuak hilean behin izango dira, baina hirunaka aurkeztuko dituzte. Hiru hilabeteko programak edo paketeak izango dira, eta estreinakorako honako musikari hauek gonbidatu dituzte, hurrenez hurren: Anari, azaroaren 17an; Daughn Gibson, abenduan (eguna oraindik zehazteke); eta Bide Ertzean, urratilaren 12an. Hiru hileko bakoitzean, nazioarteko artistaren bat ekarri nahi dute, Gin Musika eragilearekin lanean. Oro har, estilo ezberdinetako musikariak eta musika taldeak ekarri nahi dituzte, eta prestatutako formatu berezira moldatu. Solasaldi-emanaldi saio ia gehienak igande goizetan izango dira, 11:30etik aurrera, Garoa liburu-dendan bertan.
Pakete bakoitzak 30 euro balioko du, eta izen-ematea edo erreserba liburu-dendan egin daiteke. «Artistei plaza duin bat eskaini behar zaiela iruditezn zaigu. Ez dugu musikaria prekarietatean erortzerik nahi, eta dagokion balioa eman nahi diogu», nabarmendu dute Garoako kideek. Egitasmoak parte-hartze mugatua izango du, bilatzen duten intimotasun hori bermatzeko, eta izena ematen duten lehen 40 lagunek soilik izango dute uneaz gozatzeko aukera .
Dinamizatzaileak
Solasaldi bakoitzean dinamizatzaile ezberdin bat gonbidatuko dutela jakitera eman dute antolatzaileek. «Dinamizatzaileak asko baldintzatuko du solasaldiaren norabide».Lehenhiru hilekoan Jon Eskisabel kazetaria arduratuko da saioaren gidaritzaz.
Paperezko Kontzertuak Garoak bultzatutako egitasmoa izanik, «musika eta literaturaren arteko zubia ere» izan nahi duela gaineratu du liburu-dendako arduradun Eneko Agirrek. Hori horrela, solasaldi guztietan liburuak presente egongo dira; hau da, artista bakoitzari liburu bat ekartzeko eskatuko diote, eta horri buruz ere ariko dira hizketan.