Iñaki Lejarreta txirrindularia omenduko dute Mobi Bike Egunean, igandean

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urriaren 25a

Porrotx pailazoa zenbait haurrekin, bizikleta buelta hasi aurretik, iazko Mobi Bike Egunean (Aritz Mutiozabal/Hitza) «Ondo pasatzeko» helburuarekin antolatu dute aurten ere Mobi Bike Eguna, gozatu eta irribarre egiteko. Hori baita eritasunen aurrean «botika onena». Haimar eta Joseba Zubeldia eta Markel Irizar txirrindulariek eta Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteak elkarlanean antolatu dute urteroko hitzordua, elkarte horrentzat laguntzak eskuratu eta egun pasa atsegina egiteko. Igandean izango da, eta goizetik iluntzera askotariko ekitaldiek hartuko dute Zarautz. Herritarrak horietan parte hartzera animatu dituzte antolatzaileek, «tristurak eta pozak goxoagoak direlako partekatuta». Ohi bezala, BTT trabesiarekin ekingo diote egunari, 09:00etan. 08:30ean banatuko dituzte dortsalak, eta orduerdiren buruan aterako dira parte-hartzaileak kiroldegi aurretik. 14 urtetik gora izan beharko dira bertan parte hartu ahal izateko. 10:00etan hasiko dute Triatloi Txikia. Benjaminek (8-9 urte bitartekoek), alebinek (10-11 urte artekoak) eta infantil-kadeteek (12-15 urte artekoak) hartuko dute parte bertan. Lehenbizikoek igerian 50 metro, bizikletaz 735 metro eta korrika 310 metro egin beharko dituzte; bigarren mailakoek 100 metro igerian, 735 metro bizikletaz eta 475 metro korrika eta hirugarrengoek, berriz, 150 metro igerian, 965 metro bizikletaz eta 725 metro lasterka. Aritzbatalde eta kiroldegi inguruan egingo dute hori guztia. Ondoren, 11:00ak aldera pertsonaia ospetsuez lagunduta bizikleta buelta egingo dute adin guztietako herritarrek. 5,7 kilometroko ibilbidea izango da eta ordubete inguru iraungo du. Lasterketa ez denez, herritarrak nahi duten puntuan gehitu daitezke ibilbidera. Kaskoa eraman beharko da derrigor. Era berean, haurrentzako zirkuituak izango dira Klabelinsoro kalean. Lejarretari omenaldia Arratsaldean izango da haur ugarik irrikaz espero duten ikuskizuna,  kiroldegian:  Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldi berezia. Pailazoekin batera  oholtza gainean dantzan eta abesten izango dira Zumaiako neska arraunlariak Kontxako banderarekin, Zarauzko errugbi taldea, Bergara eta Zarauzko txirrindulariak eta txirrindulari profesionalak, Goenkale telesaileko aktoreak, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko Zarauzko taldea eta Aspanogiko partaideak, besteak beste. Saioaren amaieran iaz istripuz zendu zen Iñaki Lejarreta mendiko bizikletako txrirrindulariari omenaldia egingo diote. Sarrerak salgai daude dagoeneko Lukas okindegian (Merkatu Plazan), Lau okindegian (Azken Portun) eta Biyona dendan (San Pelaion). Bestalde, Trek etxeak eskainitako bizikleta bat zozkatuko dute. Txartelak euro batean salduko dituzte egunean zehar.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide