Dekatloia egingo dute lehenbiziko aldiz Koadrila Egunean, larunbatean

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urriaren 24a

  • 00:00-03:00. Txosnak irekiko dituzte.
  • 10:00-11:30. Koadrila arteko dekatloia.
  • 10:00-13:00. Haur parkea.
  • 11:00-12:00. Buruhandiak.
  • 11:30- 14:00. Mus Txapelketa.
  • 12:30-14:00. Pasta eta tortilla lehiaketak.
  • 14:00-18:00. Koadrila arteko bazkaria.
  • 16:00-18:00. Giza futbolina.
  • 18:00-21:00. Kalejira, joko eta trikitilariekin.
  • 18:30-20:30. Batukada kaleak animatzen.
  • 19:00-21:00. Diskofesta.
  • 23:00-00:00. Izu Nauk taldearen kontzertua.
  • 00:15-01:15. Mantisa taldearen kontzertua.
  • 00:15-01:15. Akerbeltz taldearen kontzertua.
  • 05:00-05:30. Txokolatada.
  • 05:30-06:00. Txosnak itxiko dituzte.
Ezkerretik, Iñigo Azkue, Iosu Gonzalez, Xabier Arruti, Ganix Illarramendi eta Iñaki Castro, Mantisa taldeko musikariak. (Argazkia: Gorka Lasa) Urteroko filosofiarekin antolatu dute aurten ere Koadrila Eguna:  festa alaia, koloretsua eta herrikoia herriarentzat izan dadin helburuarekin. Larunbatean izango da, egun bakarrean, eta ohi bezala askotariko egitasmoak antolatu dituzte, «eguna giro onean igarotzeko». Aurten festa batzordeari lagun berriak gehitu zaizkio: eskubaloi taldeak. Pasa den abuztuan Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza murriztu zien Amenabar eta Aiala eskubaloi taldeei, eta horri aurre egiteko   «ahalik eta diru gehien» biltzeko egin dute bat jaien antolaketarekin. Munoako bi txosnetan bildutako diruaren zati bat gastuak ordaintzeko baliatuko dute, eta gainontzekoa talde horientzat izango da, aurtengo denboraldiari aurre egin ahal izateko. Berrikuntza gehiago ere izango da aurten. Alde batetik, ez da goitibeherarik egongo. Koadrila Eguneko batzordeko kide batek, Xabier Vazquezek jakinarazi du aurreko urteetan gainbehera egon dela parte-hartzaileen partetik. Hori dela eta, aurten formula berria planteatu dute: koadrila arteko dekatloia. Hamar probaz osatuta egongo da, eta ergometroa izan ezik, herri kirolei lotutakoak izango dira jokoak; sokatira, ur garraioa eta zaku lasterketa egingo dituzte, besteak beste. Festak herritar orori zabaltzeko asmoz, aurten eskaintza berezia izango da gaztetxoentzat ere. Goizean haur parkea jarriko dute Munoan, puzgarri, Wi gunea, eta zezen mekaniko eta guzti. Horrekin batera, begiraleek lagunduta joko eta tailerretan parte hartu ahalko dute etxeko txikienek, eta buruhandiekin jolastu. Arrazoi beragatik antolatu dute baita ere diskofesta arratsalderako. Mantisa, Izu Nauk, Akerbeltz Gainontzean, urteroko ekitaldiek hartuko dute Munoa plaza. 11:30ean hasiko dute mus txapelketa. Aurrez eman beharko da izena txapelketa horretan zein koadrila arteko dekatloian parte hartzeko. Horretarako sortu dituzte soslaiak Facebook (Kuadrilla Eguna) eta Twitter (@KuadrillaEuna) sare sozialetan. Era berean, koadrilaeguna@gmail.com helbide elektronikora mezua bidalita ere eman ahalko da izena. Bikoteko lau euro ordaindu beharko dira mus txapelketan parte hartu ahal izateko. Dekatloirako izena ematerakoan partaideen zein koadrilaren izenak zehaztu beharko dira. Pasta eta tortilla txapelketak ez dira faltako egun horretan, ezta «jatordu berezienak» prestatzen dituzten koadrilentzat sariak ere. Lehiaketok amaitzean «bazkari umoretsua» egingo dute sukaldatutakoekin, «giro onean». Ondoren, giza futbolina eta kalejira egingo dituzte. Azken hori joko, trikitilari eta batukadarekin lagunduta egingo dute, Alde Zaharreko kaleetan zehar. Gauean hiru kontzertu izango dira txosnetan. Izu Nauk taularatuko da lehenbizi, Mantisa gero, eta Akerbeltz taldeak emango dio amaiera musika emanaldiei. Eguna, berriz, «bizirik irauten duten ausartei» eskainitako txokolatadarekin amaituko dute, 05:30ak arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide