Herri segurtasunari lotutako gertakariak "nabarmen gutxitu" dira udaldian Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urr. 22a, 04:00

Zarauzko Udaletik jakinarazi dute udan herri segurtasun arazoak «nabarmen gutxitu» direla aurreko urteekin alderatuta. «Uda sasoia berezia da Zarautzen ezaugarri turistikoengatik. Jende pilaketak hainbat segurtasun arazo ere ekarri ohi ditu berekin». Aurten, ordea, Udaltzaingoak protokolo berezia landu du Ertzaintzarekin elkarlanean, eta lanketa horrek «emaitza onak» eman dituela nabarmendu dute. Udaltzaingoan jaso diren salaketa kopuruan oinarrituta, segurtasun arazoak eragiten dituzten gertakariak murriztu egin dira eta bizikleta lapurreten aurrean «erantzun azkar eta zehatzak» eman dituzte, adibidez. Hain zuzen, uztailean eta abuztuan aurreko urteetan baino lapurreta salaketa gutxiago jaso dituzte, zehazki %12 gutxiago. Datuen arabera, besteak beste, indarkeriazko lapurretak %66  gutxitu dira aurtengo udan, etxebizitzetakoak %30  jaitsi dira eta enpresetakoak, berriz, %25. Auto barruko %69 lapurreta gutxiago egon dira uda sasoian, bestalde. Ekaina eta iraila artean 29 istripu gertatu dira herrian, eta horietatik zortzitan izan dira zaurituak, lau larri eta lau arin. Horrez gain, oinezko bat arinki zauritu da udaldian, eta bizikletan zihoazen beste bi herritar. Ekaina erditik irailera bitartean 16 lagun atxilotu eta inputatu ditu Zarauzko Udaltzaingoak. 141 bizikleta berreskuratu Badira bestelako emaitza baikorrak ere: hain zuzen epe horretan 141 bizikleta berreskuratu dituzte, «inoizko bizikleta gehien».Guztira, 91 salaketa jarri dituzte herritarrek Udaltzaingoan, bizikleta lapurtu dietelako edota hori desagertu zaielako. Datuen arabera, salaketa jarri duten 50 jaberi itzuli zaizkie ibilgailuak. Bizikletak erregistratzeak lan horretan lagundu du. Hain zuzen, aurten 88 bizikleta erregistratu dituzte  zarauztarrek Bicitronic sistemaren bitartez. Halaber, galdutako objektuei lotutako 47 salaketa jarri dituzte eta kalean 217 jaso dituzte udaltzainek. Horietatik 104 itzuli zaizkie jabeei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide