Elkartasun Astea antolatu duten boluntario batzuk. (Amaia Ventas/Hitza)
Elkartasun Asteko egitaraua
Urriak 17, osteguna. Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna
- 20:00. Film laburren emanaldia, Modelo aretoan. Ondoren solasaldia izango da Anjel Lertxundik gidatuta.
Urriak 18, ostirala
- 20:00. Garapenerako hezkuntzaren inguruko saioa, Alboan fundazioko Ani Urretabizkaiaren eskutik, Antoniano aretoan.
Urriak 19, larunbata
- 10:00. Lege Zaharren Enparantzan, janari bilketa Zarauzko asteroko banaketarako.
- 17:00. Musika Plazan, gaztetxoentzat jarduerak: txapa tailerra, aurpegia margotzeko gunea, birzkilapen tailerra eta buruhandiak. Janaria biltzen jarraituko dute era berean.Bestalde, astean zehar Eneko Solaberrieta zarauztarrak Mozambikeko umezurztegi batean egindako bideoak erakutsiko ditu herriko ikastetxetan.
«Egungo gizartearen balio krisia kontuan izanda», hezkuntzaren inguruan antolatu dute aurten Elkartasun Astea. Zortzigarren edizioa izango da.
Elkartasunean hazi lelopean, hiru eguneko egitaraua prestatu dute Palenqueko Lagunak, Caritas, Elan-Euskadi, Oi-Zautz, Chernobilen Lagunak, Hegolan, Gurutze Gorria, Gure Wasi, Tau Fundazioa, Proyde-Proega, Calcula Ondoan, Saharautz eta Acoes-Honduras gobernuz kanpoko erakundeek. Gaur hasi eta larunbatera bitartean adin guztietako pertsonei zuzendutako jardunaldiak izango dira, sentsibilizazioa helburu.
Hain zuzen, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz, gaur arratsaldean Modelon erakutsiko dituzten film laburrak hezkuntzaren ingurukoak izango dira. Hezkuntza gakoak emango dituzte egunerorako, eta ikuspuntu kritikotik landu. «Hauek guztiak oso positiboak izan daitezke denontzat», nabarmendu dute. Emanaldiaren ostean, eztabaida bideratzeko Anjel Lertxundi idazleak jardungo du dinamizatzaile lanetan.
Hari bera jarraituko du biharko garapenerako hezkuntzaren inguruko saioak. Alboan Fundazioko Ani Urretabizkaiak eskainiko du tailer hori, Antoniano aretoan.
Etzirako egun osoko egitaraua antolatu dute. 10:00etan hasiko dira janaria biltzen, asteazkenero egiten duten banaketarako. 2010ean hasi zen Caritas, udalaren eta Gurutze Gorriaren laguntzarekin janaria bildu eta Aritzbatalde kaleko lokalean banatzen. Orduz geroztik hirukoiztu egin da janari bila gerturatzen familia kopurua; egun atzerriko zein bertako 50 sendi elkartzen dira bertan. «Beharra gero eta handiagoa» denez, larunbatean ere janaria biltzea erabaki dute. Herritarrek askotariko produktuak utzi ahalko dituzte Lege Zaharren Enparantzan, baina bereziki eltzekariak, arroza, pasta, esnea, gailetak, olioa, azukrea, kontserba-latak eta irina. Horrez gain, saldu ezin baina egoera onean dauden produktuak, enpresetako eta baratzetako jaki soberakinak «ongietorriak» direla gaineratu dute.
Arratsaldean jarraituko dute janaria biltzen, eta horrez gain, gaztetxoentzat hainbat jarduera izango da.
Era berean, aste guztian zehar Eneko Solaberrietak Mozanbiken grabatutako bideo sorta erakutsiko du herriko ikastetxetan. Zarauztarrak duela lau urte praktikak egin zituen herrialde horretako umezurztegi batean, eta bertako haurren errealitatea jaso zuen ikus-entzunezko horietan. «Adin pareko haurrak munduaren beste aldean nola bizi diren erakutsiko diet, eskolara joaten diren ala ez, zenbateraino pasatzen duten gosea, familiaren egitura nolakoa den...», azaldu du Solaberrietak.