Duela 15 urte inguru Kawasaki etxeko Vulcan modeloaren motor jabeek VOCS Vulcan Owners Club Spain elkartea sortu zuten Alacanten (Herrialde Katalanak). Pixkanaka-pixkanaka zaleak aregotzen joan ziren, eta elkartea bera ere handitzen joan zen, lurraldekako atalak eratuz. Orain, Gipuzkoako ordezkariek motorzaleen topaketa antolatu dute asteburu honetarako, atalaren V. urteurrena ospatzeko. Egoitza Trintxerpen badute ere, Zarautz aukeratu dute egitasmoa egiteko. Hori hala, gaurtik igandera motor hotsa izango da nagusi.
«Donostia inguruan antolatu nahi genuen topaketa, gainerako klubetako jendeak zonaldea ezagutu nahi zuelako. Normalean klub bakoitzak bi urtetik behin antolatzen du egitasmoa, eta gu orain bi urte egiten saiatu ginen arren, bertan behera geratu zen. Orain, bosgarren urteurrenaren harira, estreinakoz antolatu dugu», aditzera eman du Gipuzkoako VOCS ataleko idazkari Xabier Mitxelenak.
Horrelako topaketa bat aurrera eramateko arazo handiena parte-hartzaile guztientzat ostatua topatzea da. Izan ere, Estatu osoko ehun lagun espero dituzte; besteak beste, Andaluziatik, Kataluniatik, Mallorkatik eta Madrildik dira etortzekoak. «Mediterranio aldean ez dago arazorik, milaka hotel daudelako prezio onean, baina hemen horrenbeste lagun sartzeko hotel gutxi daude, eta daudenak nahiko garestiak dira. Begira hasi ginen, eta Zarautz Hotela nahiko ongi zegoela iruditu zitzaigun. Horretaz gain, motorrarekin itzulia emateko leku ederra dela iruditzen zaigu».
Hitzordu nagusia, bihar
Hiru egunetako egonaldia antolatu badute ere, hitzordu nagusia biharkoa dute. Irteera Hotel Zarauztik bertatik egingo dute, 10:00ak aldean. «Ikusgarria izan ohi da motorzale andana errepidean ikustea. Jendeari deigarria egiteaz gain, gustatu ere egiten zaio», dio Mitxelenak. Zarauztik Meaga alderantz joko dute, Garate gainetik Getariara abiatzeko. N-634 errepidea hartuta, Donostiara joango dira, eta Gros auzoan pintxo-poteoa egingo dute. Hernaniko Sagardotegi batean egingo dute bazkari legea, eta arratsaldean Zarautzera itzuliko dira. Parte-hartzaileak gaur iritsiko dira herrira, eta iluntzean ongi-etorri festa egingo dute Euromar dantzatokian. Igandean, azkenik, bakoitza bere etxera itzuliko da.
Topaketaren helburu nagusia Vulcan motor mota dutenen arteko harremana sustatzea eta sendotzea dela jakitera eman du antolatzaileak. «Urtean bost taldek hartzen dute euren zonaldean topaketa antolatzeko ardura, eta nahi duen bazkideek hartu ahal izaten du parte. Horrelakoetan lagun berriak egiten ditugu, eta bide batez motorrarekin talde handian ateratzeko abagunea izaten dugu. Orain arte, gu besteengana joan gara, eta orain haiek etorriko dira gugana. Azken finean, adiskidetasun hori mantentzeko modua da». Joan den hilabetean Elizondo elkartu ziren, eta azaroan, berriz, Katalunian egingo dute bilkura.
Modelo jakin bateko motorzaleak soilik direla kontuan izanda, halako egitasmoetan jende dezente biltzen dela uste du Gipuzkoako ataleko idazkariak. «Motorzaleen topaketa irekietan, edozein motorrek parte har dezaketen horietan, 200-300 lagun biltzen dira. Gure kasuan, Vulcan motordunak soilik garela ikusita, ehun lagun elkartea kopuru ederra da zalantzarik gabe». Gipuzkoan motorzaletu asko dagoela dio, baina gehienak Harley Davidson mitikoa gidatzen dute. «Kawasaki Vulcan-a dutenak ere badira, baina egun 16 bazkide gara Gipuzkoako VOCS ordezkaritzan».