Udala zarauztarrekin bilduko da hilabete bukaeran, mugikortasunaz hitz egiteko

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urriaren 11

Neguan hainbat aldaketa egingo du TAO zerbitzuan; martxan daude jada egoiliarren guneak Alde Zaharrean. Esan genuen bezala, behin froga fasea amaituta, herritarrekin bilduko gara, mugikortasun politikak baloratu, eta beharrezko doikuntzak egiteko», dio Mikel Goenagak, Zarauzko Mugikortasun zinegotziak. Irailaren 15ean amaitu zen udako TAO sistema, eta negukoa dagoeneko martxan da. Azken asteetan  herritar askok aparkaleku arautuen eremua gainerako urte sasoietan ere auzoetara zabaltzeko eskatu dutela jakinarazi du udalak. Hori eta bestelako eskaerak zein iritziak ezagutzeko—oinezkoen espazioak, bizikleta bideak, garraio publikoa eta ibilgailu pribatuen erabileraz hitz egingo dute, besteak beste—, aurreko urtean hasitako prozesu parte-hartzaileari jarraipena ematea erabaki du udalak orain. «Mugikortasun ikuspegitik gure herria zertan hobe genezakeen aztertzeko, denon artean Zarautz jasangarri bat antolatu ahal izateko». Orain arteko ibilbidea baloratu eta aztertu ondoren, «borobiltze neurriak» adostuko ditu udalak herritarrekin. Hilabete honetako azken astean herriko eragileekin bilduko dira udal ordezkariak herriko bost gunetan. Bileren egutegiak eta kokapenak aurrerago zehaztuko dituzte. Neguan, zenbait aldaketa Hainbat aldaketa izango du TAO sistemak neguan. Batetik, herriko errotazio altuko gune guztiak, marra gorri-urdinez adierazita daudenak, urte osoan egongo dira indarrean. Bestetik, 1. gunean, Alde Zaharra eta Salbide, Vista Alegre, Azken Portu eta Azken Portu Goian alegia, egoiliarrentzako guneak—gorriz marraztutakoak— gordeko dituzte. Hain zuzen, Barandiaran kalean (San Inazio kaletik hasi eta lehenbiziko biribilgunera arteko tartea) eta Allamendi kalean (kale hasieratik Arantzadi bide gurutzeraino) auzotarrentzat aparkalekuak egokitu dituzte, baita Altzola, Gurmendi, Santa Klara eta Lanpardo kaleetan ere. Era berean, bidegorriaren hurrengo fasea hilabete honetan hasiko dutela nabarmendu dute. Uda aurretik hondartza inguruan egindako lanen jarraipena izango da hori. Hala, Urdaneta, Bizkaia eta Barandiaran kaleetan egingo dituzte lanak. Garraio publikoari dagokionez, bi berrikuntza izango dira. Alde batetik, dagoeneko herriko autobus berriak lantzen ari direla jakinarazi dute; Burillo karrozerian prestatzen ari dira egun Man etxeko autobusak. Aurreikusi dute behin betiko autobusak abendurako egongo direla erabilgarri. Beste aldetik, Zarauzko autobus zerbitzua integrazio tarifarioan sartuko da urtarrilaren 8tik aurrera. Hau da, data horretatik aurrera orain arteko txartelak ez dute baliorik izango, eta txartel berria egin beharko da. Herritarrek txartelean pilatutako diru kopurua errekuperatu ahalko dute, ordea. Horren inguruko informazio zabalagoa aurki eskainiko dutela adierazi dute udaletik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide