Bizilagun berriak herrian integratzeko ikastaro trinkoa eskainiko du udalak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urriaren 9a

Naeem Iqbal, Atif Islam eta Adeel Ahmed pakistandarrak—Harrera ikastaroan dagoeneko izena eman dute—, eta hezkuntza moduloa eskainiko duen Imanol Iribar, Frontoi Txikin (Amaia Ventas/Hitza) Zarautzera bizitzera etorri diren bizilagun berriak herrian integra daitezen Harrera ikastaro trinkoa eskainiko diete urriaren 23tik aurrera, estreinako aldiz. «Oro har, herrira iritsi berritan galduta-edo egoten dira bizilagun berriak, ez dute jakiten nora jo», azaldu du Monte Albertiako Hezkuntza teknikari Imanol Iribarrek. «Askok pentsatu ohi dute etorkinentzat pagotxa dela hona etortzea. Ez da horrela. Haiek biziraun egin behar dute, eta konplexua da oso». Hori dela eta, bertan jaio direnen eskubide berak bermatu behar zaizkiela dio Iribarrek, eta erraztasunak eman gizarteratzeko «beti ere haien azal koloreari edota jatorriari erreparatu gabe». Hain zuzen, ardura hori administrazioei dagokiela nabarmendu du. «Udalak, instituzio globala izaki, askotariko zerbitzuak eskaintzen ditu. Hori dela eta, bizilagun berriek ez dute jakiten zein ate jo. Ildo horretatik, haiek administrazioetara jo beharrean alderantzizko pausoa eman behar da; hau da, instituzioek eurek eman behar dizkiete erraztasunak etorkinei». Etorri berrien integrazioa «errazteko» helburuarekin antolatu dute, hain zuzen, ikastaro integral hori. Dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea. Interesa dutenek Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo beharko dute edota bertako telefonora deitu. Hiru multzo, lerro anitz Jakinarazi duenez, «oso praktikoa» izango da Harrera ikastaroa. Guztira hamar saio eskainiko dituzte azaroaren 22ra bitartean, eta hiru multzotan egongo da banatuta ikastaroa. Lehen saioetan Zarautz ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Besteak beste, non dagoen, biztanleriari buruzko xehetasunak eta bertako marko politikoa azalduko zaizkie, baita ikasketa eskaintza eta baliabideei eta kulturari buruzko hainbat jarraibide eman ere. Hain zuzen, Iribarrek berak gidatuko du hezkuntzari buruzko atala. «Herriko ikastetxeen inguruko informazioa emango diet, zeintzuk diren pribatuak eta zeintzuk publikoak, eta horri lotuta, non duten ikasteko aukera. Era berean, orientazio pertsonalizatuagoa ere eskainiko diet, euren formazioari eta behar eta nahiei erreparatuz», azaldu du Monte Albertiako Hezkuntza arduradunak. Ikastaro trinkoaren bigarren zatian, Norberaren autonomia deitu dioten blokean, osasungintzari, diru laguntzei eta enpleguari buruzko informazioa jasoko dute. «Gizarte Zerbitzuetan zein diru laguntza eska daitezkeen eta horiek lortzeko zein baldintza bete behar dituzten azalduko dizkiete, esaterako. Etorkinak ez dute iritsi eta segituan laguntzarik jasotzen; horiek nola lor ditzaketen adieraziko zaie, besteak beste». Enpleguari dagokionez, lan formazioarekin nola jarraitu, Zarauzko sindikatuak zeintzuk diren, atzerritartasun legea eta egungo egoeraren nondik norakoak eta errotze txostenei buruzko xehetasunak emango dizkiete ikastaroko arduradunek. Herritartzearen inguruko kontuetan jarriko dute arreta ikastaroaren azken atalean. Hala, berdintasuna landuko dute bertoko ikuspegitik, eta bigarren mailako «baina haientzat garrantzitsua» den informazioa ere emango zaiei, natur ondareari eta festei buruzko, esaterako. Dagoeneko hamabi bat lagunek eman dute izena Harrera ikastaroan. Hasieran udaberrian antolatzekoak ziren, baina bederatzi pertsonek soilik eman zutenez izena atzeratzea erabaki zuten. Horiek eta Naeem Iqbal, Atif Islam eta Adeel Ahmed pakistandarrak hilaren 23an hasiko dituzte eskolak, baita horiei gehitzen zaizkienak ere. Hain zuzen, azken hiru horiek herrian integratzearen garrantzia nabarmendu dute. Hiru urte daramate Zarautzen bizitzen, eta etorkizunean ere bertan jarraitzeko asmoa dute. Horretarako, bertako kultura eta jendea ezagutzea «beharrezkoa» dela dio, eta halako ikastaroak baliagarriak direla. Datuak
  • Harrera ikastaroak. Urriaren 23tik azaroaren 22ra. Guztira, 11 saio eskainiko dituzte.
  • Nori zuzenduta. Herrira etorri eta alor askotan horren funtzionamendua ezagutu nahi dutenentzat.
  • Ordutegia. Astelehen, asteazken eta ostiraletan, 10:00etatik 12:00etara. Atzerritartasun legeari buruzkoa arratsaldez izango da. Zehaztuke dago eguna.
  • Non. Zuberoa kaleko lokalean.
  • Izena emateko. Zarauzko Udaleko Immigrazio zerbitzura jo (Zigordia kalea  33, behea) edota 943-00 51 11 telefono zenbakira deitu beharko da. Doan izango da ikastaroa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide