Dotorezia, pop melodietan

Aritz Mutiozabal 2013ko urr. 9a, 04:00

Sean Nicholas Savage bakarlariak Other life lan berria aurkeztera gerturatuko da Modelo antzokira, ostiral honetan. (Argazkia: I Made Milwaukee) Sean Nicholas Savage kanadiarra Zarauzko Modelo aretoan ariko da ostiralean, Gaztemaniak programak antolatuta. Europan barna biran dabil Sean Nicholas Savage musikari eta abeslari kanadiarra. Maiatzean Primavera Sound jaialdian izan zen, eta egunotan berriro ere Estatuan zehar ariko da. Bihar Bartzelonako Sidecar aretoan eta larunbatean Madrilgo Villa Manuela jaialdian jotzen duela baliatuz, ostiralean Zarautzen eskainiko du emanaldia. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gaztemaniak programak antolatu du kontzertua, Zarauzko Udalarekin elkarlanean, eta Modelo aretoan gozatu ahal izango da, 22:00etatik aurrera; sarrerak 7 euro balioko du. Orain gutxi arte, Sean Nicholas Savage-en izena gutxiengo baten ahotan entzun zitekeen. Kultuzko egiletzat jotzen zuten musika adituek. Edonola ere, musikaren barrunbeetatik burua atera zuen duela bi urte Flamingo diskoari esker, eta harrezkero sona hartu du musika independetearen zirkuitutan. Oraingoan, Other life lan berria du eskuetan, eta hori bera aurkeztuko du zuzenean. Behe-fidelitateko jarraibideak atzean utzi ditu, estudioko soinu handira, ekoizpen handietara eta ahots bikainetara jauzi egiteko. Artista kanadiarraren unibertsoa zabala da. Delikatua eta misteriotsua, aldi berean. Pop doinuen itsasoan murgiltzen da, David Bowie, John Maus eta Roxy Music bezalako artisten olatuetan igeri egiteko. Bere proposamenak aipatutako artisten kutsua du, 80eko hamarkadako melodia dotoreak gogora ekarriz. Musikariak 2008an egin zuen debuta Summer 5000 lanarekin, eta, orain arte, ibilbilde emankorra egin du. Guztira, bederatzi lan eman ditu argitara; 2011n, esaterako, hiru disko kaleratu zituen. Jan Fol, gonbidatu Savage-en aurretik, Jan Fol kantautore donostiarrak joko du artista gonbidatu modura. 1960ko eta 1970eko folk musikatik edaten du, eta bere abestietan barne-sentimenduak adierazten ditu, hitz iradokitzaileen eta ahots-melodia sentiberen bidez.Gitarra doinu sinpleak landuagatik, giro bareak eta intimoak sortzen iaioa da. Aurten ekin dio bere ibilbideari, eta dagoeneko Euskal Herriko hainbat tokitan ez ezik, atzerrian ere aritu da jotzen. Gaztemaniak programarekin jarraituz, azaroaren 10ean kontzertu berri bat izango da Modelon. Sam Amidom bakarlari estatubatuarraren txanda izango da orduan. Folk tradizionala garaikide bi­hurtzeko ahalegin berezia egin ohi du artista honek, eta maiatzean argitaratutako Bright sunny south disko berriak agerian uzten du gogo hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide