11.000 lagun gerturatu dira aurtengo udan Sortaldea kultura eremura, gune hori kudeatzen duten Garoa liburu dendako arduradunen datuen arabera. Iaz baino 2.000 bisitari gehiago izan ditu, hain zuzen. Hori dela eta, bigarren urteko balorazioa «benetan ederra» dela adierazi du Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek.
Askotariko kultura ekitaldiak egin dituzte itsas pasealekuko gune horretan, ekainaren 21ean ateak zabaldu zituenetik: liburu aurkezpenak, hitzaldiak, haurrentzako tailerrak, kontzertuak eta beste hainbat. Guztira 30 bat ekitaldi izan dira uda honetan Sortaldean, ohiko filosofiarekin jarraituz, «malekoiaren kulturatik kultura malekoira eramateko» asmoarekin.
Neguan ere zabalik
Aurten,udazkena heldu orduko, Sortaldeak ez dituela ateak itxi jakinarazi du Berasaluzek. « Zabalik segitzen du, kulturarekin lotutako hainbat ekimenekin». Batetik, Juan Luis Mendizabal Mendi pintorea azaroaren hasieran Merkatu Plazaren goiko solairuan zabalduko duen erakusketa prestatzen ari da bertan, buru-belarri.
Bi herritar Tako Zarautz erakusketaren inaugurazioan, uztailaren 5ean (Leire Ventas/Hitza)
Hortaz, Sortaldean «bere txokoa» du Mendik, Zarauzko Udalari emandako ehunka libururekin prestatutako gelatxoan. «Edonoren eskura, zabalik» dago gune hori, herritarrak haren obraren «lekuko» izan daitezen. Hain zuzen, Mendi goizero bertan aritzen da margotzen, aipatu erakusketan erakutsiko dituen koadroak prestatzeko.
Bestetik, Txopitea Bekaren aurtengo proiektua amaituta—Inhar Agirrezabali eta Garbiñe Pedrosori egokitu zitzaien beka, eta Zarautz arkitekturaren ikuspegitik berrirakurtzeko maketa-lorategi bizia inguruko lana egin dute—, Artezaleak taldearen ikastaroetarako baliatuko dute gela hori. Zehazki, Igone Gerekak adierazpen sortzailearen baitan ematen dituen pintura eta adierazpen tailerretarako erabiliko du, eta haur zein helduek astean hiru egunez pintura zein gorputz adierazpena lantzeko aukera izango dute. Kultura zinegotziak azaldu duenez, Arno Sterne hezitzaile artistikoak sortutako mugimenduari jarraituz aritzen da Igone Gereka, «haurrei zein helduei barruan dutena pinturaren bidez atera nahian».
Bestetik, behin
Tako Zarautz erakusketa amaitu eta bertatik mugituta—aurrerantzean Garoa liburu dendan izango da ikusgai—, aretoa ere libre dago. Hurrengo asteotarako bizpahiru proposamen jaso ditu Kultura Sailak, eta horiek antolatzea da orain asmoa.
«Badirudi Sortaldea abiarazteko asmoa hasi dela forma hartzen», dio Kultura zinegotziak. «Udan erakusleiho ederra bihurtzea, eta neguan herriko sortzaileentzat bilgunea eta sorgunea izatea, bakoitzak bere lanak bertan prestatzeko eta erakusteko».