Zarautz APP berritu dute, zarauztarrei parte hartzeko aukera eskainiz

Urola Kostako Hitza 2013ko irailaren 26a

Eneko Agirre, Karmele Alberdi eta Aser Lertxundi, aplikazio berritua aurkezten. Gaur goizean aurkeztu dute Zarautz APP berritua. Udaleko informatika saileko arduradun Aser  Lertxundik adierazi duenez, herritarrei begira eraiki dute: "Zarautz herritarrei beste modu batera zabaltzeko asmoa dugu. Aurreko aplikazioa turismoari begira zegoen garatuta; orain zarauztarrei zuzenduta ere egongo da". Eneko Agirrek, aplikazio berria garatu duen Illarra.com enpresako ordezkarietako batek, "eduki pila" dituela azaldu du. Lau hizkuntzatan—euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez— eskura daitezke eduki horiek, eta erabiltzaileak jatorriaren eta horien lehentasunen arabera ere aukera ditzakete. Hala, zarauztarrek "turismoarekin lotutako gaiak baino egunerokotasunean erabilgarriagoak"—Zuzarautz.info webguneko albisteak, agenda, eguraldia eta mareak...— egiten zaizkienak eskuratu ahalko dituzte. Turistek, berriz, bestelako informazioa izango dute eskura, zer ikusi, herriko eskulturak eta gune kulturalei buruzkoa, kasu. Api gunea ere sortu dute, herritarrek Zarautz APP-n dagoen informazioa xurgatu nahiko baluke. pagoeta.illarra.com helbidera jo beharko du horretarako. Bestalde, erabiltzaileek edukietan akats edota okerren bat-edo aurkitzen badute Turismo Bulegoan jakinarazi daiteke. Izan ere, herritarrek ere parte hartu ahalko dute aplikazioren garapen eta hobekuntzan. Ildo horretatik, aplikazioa interaktiboa izatea dute asmoa. Android erabiltzaileek dagoeneko jaitsi dezakete aplikazioa, Zarautz—zuzarautz-en sinboloa  eta illarra izena daramana— hitza bilatzailean jarrita. Apple etxeko mugikorra dutenek, berriz, datorren astetik aurrera eskuratu ahalko dutela aurreikusi du Agirrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide