Egiari Zor fundazioak eta Ahaztuak 1936-1977 eta Goldatu elkarteek antolatuta, egia eta memoria oinarri dituen ekitaldi politikoa egingo dute larunbatean, Zarautzen. Aste honetan aurkeztu dute Bilbon, eta bertan «hamarkadetako gatazka eta enfrentamendu aroa» gainditzeko «aukera historikoa» dagoela nabarmendu zuten antolatzaileek. Horretarako, askatasuna, «egia osoa» kontatzea eta «memoria kolektiboan» uztartzea beharrezkoa dela adierazi zuten, inor «baztertu» gabe, eta «kaleetatik eta liburuetatik ezer eta inor ezabatu gabe».
Orain bi urteko Gudari Eguneko une bat, Zarauzko hilerrian (Amaia Ventas/Hitza)
Haien arabera, hori da gatazka armatu eta politikoaren konponbidea bilatzeko gakoa. Hori aldarrikatzeko Aritzbatalde kiroldegian bilduko dira larunbatean, 18:00etatik aurrera,
Egia bide, askatasuna amets lelopean. Ane Muguruza Egiari Zor fundazioko kideak azaldu duenez, beren senideak izan zirenen ideiak eta oroimena ekarriko dituzte gogora Zarautzen. «Gure egiak ez dio inori bizkarrik emango, baina gatazkaren ondorioz pertsona ugariri bortxatu zaizkie eskubideak, inolako errekonozimendurik eta erreparaziorik gaur arte». «Oker hori zuzendu» beharra dagoela nabarmendu zuen. Izan ere, Muguruzaren arabera hori da askatasunaren erronka nagusia, «pertsona guztien eskubideak eta herritarron borondatea errespetatzeko hitza barneratzen dituena».
Ildo horretatik, XX. mende hasieratik «askatasuna, bakea, justizia eta elkarbizitza oinarri dituen eszenatoki berria» lortzeko izan diren «eragozpenez» ere ariko dira ekitaldian.
Gaur, Gudari Eguna
Gaur 38 urte bete dira ETAko Angel Otaegi nuarbetarra eta Jon Paredes Txiki zarauztarra eta FRAPeko Xose Humberto Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo fusilatu zituztela. Francisco Franco diktadoreak agindu zituen exekuzio horiek, eta Gerra Batzordeak onartu zituen 1975eko irailaren 26an. Biharamunean, irailak 27an, tiroz hil zituzten, Txiki Cerdanyola del Vallesen (Bartzelona, Herrialde Katalanak) eta Otaegi Burgoseko espetxean. Horiek izan ziren Espainiako diktaduran azken fusilatuak.
Urtero bezala, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak hainbat ekitaldi antolatu du Otaegi, Txiki eta Francoren diktaduran erahildakoak gogoratzeko. Gaur, Gudari Egunean, Txikiren hilobian lore eskaintza egingo dute, Txikiren senitartekoekin batera. Eguerdian hasiko dute ekitaldia, Zarauzko hilerrian.
Azpeitian ere gogora ekarriko dituzte «herri honen askatasuna lortze eta borroka bidean ibili diren hamarka mila herritarrak». Haien bizitza eta lekukotza historiaren «alde zatiezina» direla nabarmendu dute antolatzaileek, «faxismoari aurre eginez, askatasun demokratikoak konkistatu nahian, errepresioaren eta ukazioaren golpeei duintasunez aurre egin zieten guztiak gureak direlako».
Ildo horretatik, 09:30ean Azpeitiko plazan bilduko dira Nuarbera mendi martxa egiteko. 12:30ean egingo dute ekitaldia, Otaegiren etxe aurrean. 14:00etan bazkaria egingo dute auzoko frontoian. Parte hartu nahi dutenek Orkatz eta Txarrantxa tabernetan eskuratu ahalko dituzte bazkaritarako txartelak. Langileek 12 euro ordaindu beharko dute, eta ikasle eta langabetuek zortzi euro.
Era berean, Azpeitiko ikasleek ere «Euskal Herri askearen alde borroka egiteagatik hil dituztenak» omenduko dituzte. Horretarako elkarretaratzea egingo dute gaur, 12:00etan hasita, Hartzubiko biribilgunean.
(Amaia Ventas/Hitza)
Jon Iturrarte, eskultorea
"Politikak ezin du historia bahitu"
Jon Iturrarte artistak (Hernani, 1948)
Askatasunaren zuhaitza eskulturaren maketa egin du, frankismoko azken fusilatuak omentzeko. Ez da omenaldi «politikoa», «propioa» baizik. «Gertakizun hark zirrara eragin zidan, eta omenaldi xumea egin nahi izan diet». Sortaldean dago ikusgai astelehenetik. Interesa dutenek igandera arte ikusi ahalko dute, 18:00etatik 20:00etara.
Zergatik erabaki duzu eskultura orain erakustea?
Egia esan, ez nintzen gogoratzen gaur zenik Gudari Eguna; bost horietaz gogoratzen nintzen. Zirrara eragin zidan Angel Otaegi, Jon Paredes
Txiki, Xose Humberto Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravori gertatutakoak. Modu batera edo bestera, ni ere fusilatua sentitu nintzen. Horregatik, omenaldia egitea erabaki nuen.
Ez da omenaldi politikoa; gertakari jakin bat, eta hark eragindako sentimenduak erakusten ditu. Politikak ezin du historia bahitu.
Zuhaitza erabili duzu sinbolo gisa. Zergatik?
Oso sinbolo adierazgarria da, euskal kulturan tradizio handia duena, magia eta erlijioarekin lotura duena. Nik askatasuna islatzeko baliatu dut. Gerora, ikusleak sinbolo horrek irekitzen dion bidea hartu eta hausnartu beharko du. Izan ere, eskultura bera hausnarketa bat da; kultura hausnarketa da.
Ez du eskulturak soilik osatzen erakusketa, ezta?
Bost fusilatuen argazkiak zintzilikatu ditut, pertsonalizatuta, izen-abizenekin. Uste dut lehenbiziko aldia dela halako zerbait egiten dena. Garai hartako argazkiak jarri ditut, guk itxura horrekin ezagutu baikenituen.
Horrez gain, hainbat panel informatibo ere jarri ditut. Alde batetik, eskulturaren nondik norakoak azaldu ditut, modu oso laburrean. Zera diot: «Gizakia zilindro bat da. Zilindroa ebaki eta zuhaitz bat ikusi ahal da, erdizka. Eta bi ebaketek osatzen dute estatua». Bestelako argazki esanguratsuak ere zintzilikatu ditut, Txikiren hilkutxa Bartzelonan, furgoneta batean, edota Txikiren ama Maixabel Lasa Jaurlaritzako Gobernuko Biktimen Arretarako zuzendari ohia besarkatzen ageri direnak. Azken hori hausnarketarako aproposa da: baten semea Estatuak hil zuen eta bestearen senarra ETAk. Horrez gain, iazko ekitaldiaren informazioa eta iaz nik egindako omenalditxoa ere jaso ditut. 2012an maketa hauxe Igerain parkean jarri nuen, zuhaitz baten ondoan.
Nolakoa izan da sortze prozesua?
Nekeza izan da; askotan egon naiz etsitzeko gertu. Urtebete inguru iraun du prozesu osoak, prestatu, sortu eta erakutsi dudan arte. Orain nire nahia maketa horretatik abiatuta eskultura egitea da, eta Zarautzen erakustea, parke batean, zuhaitzez inguratuta.