Kanpotik etorritakoentzako euskara ikastaroa urte osora zabalduko dute

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko irailaren 20a

Ezkerretik eskuinera, Euskara zinegotzi Gari Berasaluze, AIsa ikastaroan parte hartu duen Rosa Quispe, Immigrazio teknikari Julen Aranguren eta Etorkinen zinegotzi Ane Eizmendi, atzoko aurkezpenean. (Amaia Ventas/Hitza) Duela bost urte jarri zuten martxan Aisa ikastaroa Zarautzen, herriko bizilagun berriek euskara ikas zezaten. 60 orduko programa da, eta hiru hilabete irauten du. Aurten, berrikuntza gisa, ikastaro horri jarraipena emateko asmoa du Zarauzko Udaleko Immigrazio Sailak, Euskara Zerbitzuak eta Udal Euskaltegiak. Behin eskolak amaitu eta taldeak euskara indartzen jarraitu nahi badu, EPA Helduen Eskolan egin ahalko da. Urtarrileko matrikulazioa egin eta taldeak eskolak bertan jasoko lituzkeela jakinarazi du Zarauzko Immigrazio teknikari Julen Arangurenek. Ez dela ohiko euskara ikastaroa azaldu du: «Ikastaro berezia da, hastapenekoa delako, eta hizkuntzaz aparte, euskal kulturaren eta gizartearen inguruko ezaugarri batzuk ere ematen direlako bertan». Immigrazio teknikariak argi utzi du euskara ikasi nahi duenarentzat «bide zuzen eta eraginkorrena» euskaltegira joatea dela, baina Aisa programak bestelako xehetasunak dituela. «Hau zerbait berezia da, kanpotik datozenen berezitasunei erantzuten dion zerbait». Aurten, urriaren 7an hasiko dute Aisa ikastaroa, eta abenduaren 12ra arte iraungo du, hi hilabete inguru, hain zuzen. Astelehen, astearte eta ostegunetan eskainiko dituzte eskolak, egunero bi ordu. Arratsaldetan izango dira, 19:00etatik 21:00etara, Zarauzko Udal Euskaltegian. Urriaren 2ra arte Parte-hartzaileek bi baldintza bete beharko dituzte eskolak jaso ahal izateko. Batetik, Euskal Herri kanpotik etorritako lagunei zuzenduta egongo dira; eta bestetik, ikasleek 16 urtetik gora izan beharko dituzte. Urriaren 2an amaituko da zerbitzuan izena emateko epea. Izenaeman nahi dutenek Zarauzko Euskara zerbitzuan egin beharko dute, Etxezabalara (Kale Nagusia, 29) bertaratuta, euskaraz@zarautz.org helbidera idatzita edota 943-00 51 16 telefono zenbakira deituta. 10 euro kostako da. Programaren orain arteko ibilbidearen balorazio positiboa egin dute. Hain zuen, bost urtean 111 lagunek jaso dute.   (Amaia Ventas/Hitza) Rosa Quispe, euskara ikaslea "Euskaraz hitz egiten ikastea herrian integratzeko beharrezkoa dela uste dut" Bi urtez egin du boliviarrak Aisa ikastaroa. Asko ikasi duela dio, eta horrek integratzen lagundu diola. Duela zazpi urte iritsi zen Quispe Zarautzera, eta egun merkatuan produktuak euskaraz eskatzeko gai da. Zer moduzkoa izan da zure esperientzia Aisa programan? Oso ona. Asko ikasi dut ikastaro horietan. Nik haurrekin egiten dut lan, eta lehen ez nituen oinarrizko gauzak ongi ulertzen, euskaraz esaten zizkidatelako. Ikastaro hori jaso ondoren, orain haurrekin molda naiteke, baita kalean ere. Ez dut guztia ulertzen baina pixkanaka-pixkanaka hitzak bata bestearen atzean jarri eta tankera hartzen diozu. Hori dela eta, kanpotik Zarautzera bizitzera etorri direnak ikastaro hau egitera animatzen ditut. Nolakoa izan zen zure lehenbiziko hartu -emana euskararekin? Hasieran euskaraz hitz egitea inoiz ez nuela lortuko pentsatu nuen. Baina oso irakasle ona egokitu zitzaidan, eta asko ikasi nuen harengandik. Orain, berriz, hitz eta esaldi asko esan ditzaket euskaraz. Zer moduz moldatu zara inoiz hitz egin ez duzun hizkuntza bat ikasteko? Hasieran oso zaila egiten da, baina, esan bezala, horrek irakaslearekin ere badu zerikusia. Ni Boga multimedia programarekin hasi nintzen euskara ikasten. Autoikaskuntza sistema horren bidez, galdeketak erantzun eta bestelako hainbat ariketa egiten nituen. Zergatik erabaki zenuen euskara ikastaro horretan izena ematea? Zarautzen bizita, hizkuntza ikasteko beharra sentitu al zenuen? Bai, euskaraz hitz egiten jakitea beharrezkoa da, batez ere, lanerako. Adineko pertsona batekin lan egiten baduzu, esaterako, zure kabuz ikasten zoaz, harekin egoki komunikatzeko beharrak bultzatuta. Haurrekin lanean hasi nintzenean hainbat hitz gaizki esaten nituen, eta haiek zuzendu egiten zituzten nire akatsak. Horrek asko lagundu zidan. Orain gai naiz merkatura joan, eta behar dudana euskaraz eskatzeko dendariari. Hori, hala ere, bakoitzaren araberakoa da. Norberak ikusi behar du zer behar duen. Hala ere, nik edonor animatuko nuke ikastaroan izena ematera. Gainera, ez da batere garestia, baina balio, asko balio du. Zarautzera iritsi aurretik, ba al zeneukan euskararen berririk? Ez, ez nekien gaztelaniaz gain beste hizkuntzarik hitz egiten zenik. Gu etorkinak izanik, euskara integratzeko tresna gisa erabili beharko genukeela uste dut. Argi dago geuk eman behar dugula lehenbiziko pausoa; ez dugu herritarrek guri gaztelaniaz egitea espero behar.Guk egin behar dugu esfortzua; gizarteratu nahi badugu ,guk egin beharko dugu euskaraz. Batez ere, haurrekin edota adineko pertsonekin lan egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide