Mahatsik gabeko txakolin festa

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko irailaren 19a

Iazko festaren irudi bat (Amaia Ventas/Hitza) Egitaraua
  • 10:30. Natura eta txakolina bisita gidatua. Talaiberri txakolindegitik abiatuta, Talaimendiko itsaslabarretatik ibilaldia egin ondoren, txakolina egiteko prozesua ezagutu eta berau dastatuko dute parte-hartzaileek. Gutxi gorabehera bi ordu iraungo du.
  • 11:00. Kalejira txistulariekin. Ondoren, herriko hainbat tabernatan txakolin pintxo poteoa egingo dute. Txakolin bat eskatuz gero, pintxoa debalde emango dute.
  • 12:00. Bertsolarien emanaldia Zigordia kalean. Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak hasiera emango diote Txakolin Topaketari.
  • Ondoren. Txakolin dastaketa, Lege Zaharren Enparantzan. Pintxoak, eta Zarautz Abesbatzaren eskutik, txorizoa txakolinetan egosia.
  • Jarraian. Trikitilariek Alde Zaharreko kaleak girotuko dituzte.
  • 12:30, 13:00 eta 13:30.  Maridajeak Merkatu plazako lehenbiziko solairuan.
  • 17:30.  Kortazar zelaian arraza libreko VI. Ardi Txakur Txapelketa.
  • 22:00.  Benito Lertxundiren kontzertua, Aritzbatalde kiroldegian.
Aurtengo udaberria hotza eta euritsua izan denez, mahats bilketa urrira—normalean iraileko azken astean biltzen dute— atzeratu dute. Dena den, txakolin festa ospatu ospatuko dute Zarautzen. Larunbatean izango da hori. Baina hainbat aldaketa izango du aurreko urteekin alderatuta. Alde batetik, izena aldatu diote ekitaldiari. Mahats Bilketaren Festa izatetik Txakolin Topaketa izatera pasatuko da, bilketarik oraindik ez baita egin. Arrazoi berbera dela medio, haurrek ez dute mahatsa prentsatuko. «Mahatsa egon, badago, baina gutxi. Kazkabarra egin duen lekuetan apenas hazi da mahatsik, babestutako tokietan apur bat soilik. Baina hori oso berde dago oraindik, Hala ere, ez da beldurrik izan behar. Hau baino urte okerragoak izan dira, eta hau ere pasatuko dugu», adierazi du Julian Ostolaza Getariako Txakolineko presidenteak. Mahatsaren sistiaketaren ordez, txakolinarekin maridajeak egingo dituzte Merkatu Plazan.  Hiru dastaketa izango dira guztira, eta parte hartu ahal izateko  aldez aurretik izena eman beharko da Zarauzko Turismo Bulegoan edota 943-83 09 90 telefonora deituta. Gainontzean, ohiko osagarriak izango ditu festak. Ildo horretatik, txakolin dastaketa izango da festaren muina, Lege Zaharren Enparantzan. Aurten ere, 26 txakolindegitako 1.800 botila eskainiko dituzte. Bost euro ordainduz gero, edari horren bost kopa eskuratu ahalko dira. Laguntzeko antxoa, hegaluze eta gernikako piper pintxoak ere banatuko dituzte. Halaber, Zarautz Abesbatzak txakolinetan egositako txorizo pintxoak eskainiko ditu. Zurekin-en eskaintza Era berean, txakolin pintxo poteoa egingo  dute Alai, Aldape, Argi, Bai Batzokia, Egoki, Geltoki eta Txiki Politen.Txakolin kopa bat eskatuz gero, taberna horietanpintxoa doan eskuratu ahalko dela jakinarazi du Zurekin Zarauzko ostalariek elkarteko kide Asier Aldalurrek. Horrez gain, urtero bezala herriko hainbat jatetxek txakolinarekin egindako menu bereziak eskainiko dute, 23, 50 euroren truke. Interesa dutenek aurrez erreserbatu dezakete lekua Kirkilla Enean (943-13 19 82), Lagunak-en (943-83 37 01), Bai Batzokian (943- 00 20 49), Kulixkan (943-13 46 04),  Kandelan (943-83 49 59), Santa Barbaran (943-83 29 93) zein Txiki Politen (943-83 53 57). Postrerako, Arrivati eta Kutixi izozki dendek mahats eta txakolin zaporeko helatuak eskainiko dituzte, prezio berezian. Era berean, Alameda (943-13 27 37), Norte (943-83 23 13) eta Olatu (943-00 55 22)  hotelek eta Ekia (943-01 06 64) eta Txiki Polit  (943-83 53 57) pentsioek eskaintza berezia egingo diete udalerrira asteburu pasa datozenei. Hala, ohiko prezioak baino %10 merkeago eskainiko dute ostatu. Horrez gain, txakolin botila bana oparituko diete bezeroei, eta Natura eta txakolina bisita gidatuan hartu ahalko dute parte bihar goizean. Talaiberri txakolindegian hasiko da bisita 10:30ean,eta Talaimendiko itsaslabarretan zehar egingo dute ibilaldia bertaratzen direnek. Bide batez, Talaiberriko txakolinaren ekoizpen prozesua ezagutzeaz gain, dastatzeko aukera ere izango da. Lertxundiren kontzertua Arratsaldean Arraza Libreko Ardi Txakur Txapelketa izango da Kortazarren. Aurten sei txakur lehiatuko direla jakinarazi du Jose Luis Saizar antolatzaileak:  Bitxor Bengoetxearen Bat txakurra (Galdakao), Migel Angel Elordiren Argi (Markina-Xemein), Pello Segurolaren Artzai (Azpeitiko Matxinbenta auzoa), Mikel Aizpuruaren Xuker (Oiartzun), Jose A. Arrillagaren Txiki (Elgoibar) eta Jose Luis Saizarren Rex (Zarautz). «Aurten lehiaketa askotan hartu dugu parte eta ikuskizun handia izango da Kortazarren. Ea eguraldiak laguntzen duen, goizean festa handia egiteko Alde Zaharrean eta arratsaldean lehiaketa alai-alaia izateko», nabarmendu du. Ildo horretatik, herritarrak bertaratzera gonbidatu ditu Saizarrek, «ikuskizun polita izango baita». Eguna luzatzeko, Benito Lertxundik kontzertua emango du kiroldegian, 22:00etan. Aldaketak aldaketa, «festa polita» izango dela nabarmendu du Turismo zinegotzi Karmele Alberdik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide