(Amaia Ventas/Hitza)
Aurpegi ugari ditu Felix Zubiak (Zarautz, 1974). Medikua da Donostiako Ospitalean, baita EHUko irakasle laguntzailea eta Zarauzko Gurutze Gorriko presidentea ere duela hamar urtetik. Lotura handia eskatzen duten kontuak dira horiek, baina hala ere, «gustoz» egiten dituen beste zenbait alderdi lantzeko denbora ateratzen du zarauztarrak. Bertsolaritza zaletasuna du «guztiz»; «ongi pasatzeko» egiten du. Txapelketatan ere hartzen du parte. Hain zuzen, irailaren 19an abiatuko duten Bertsolari Txapelketa Nagusian hartuko du parte.
Hainbat alderdi duzu. Nondik hasiko gara?
Ni lanbidez medikua naiz, Medikuntza Intentsiboan espezialista, eta Donostiako Ospitalean egiten dut lan, Zainketa Intentsiboen Unitatean, hain zuzen. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle laguntzailea ere banaiz. Eskola batzuk ematen ditut, eta gainontzean ikasleak praktiketan edukitzen ditut ni lanean nagoen bitartean, batez ere.
Bi kontu horiek lotuta daude. Horiek dira nire lanbide ofizialak eta oso gustura egiten ditut. Gainontzekoak zaletasunak dira.
Ez dira nolanahiko zaletasunak, ordea. Gurutze Gorriko kidea ere bazara.
Bai, horrek ere lotura du nire ogibidearekin. Medikuntzako bigarren urtea egiten ari nintzela Gurutze Gorrian sartzea erabaki nuen, eta gaur egun hor jarraitzen dut. Hemeretzi urte egitera noa talde horretan.
Ikasketekin lotutako zerbait egin nahi nuelako erabaki nuen Gurutze Gorrian sartzea, ikasketen osagarri gisa. Baina baita gizartearekiko nolabaiteko erantzukizuna sentitzen nuelako ere. Ahal den neurrian lagundu egin behar dela uste dut, gure ikasketak ez direla norberarentzat bakarrik, etxean gordetzeko. Horregatik egin nuen, ahal den neurrian gizarteari itzultzeko gizarteak berak eman diguna. Izan ere, ikasketa horiek egiteko aukera izan badugu, hain justu, jende askoren lanari eskerrak izan da.
Hain zuzen, duela hamar urtetik zara Zarauzko Gurutze Gorriko lehendakaria.
Zarauzkoa den arren, izatez bailara osoa hartzen du; Aizarnazabal, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia
hain zuzen.
Horrek lan handia eskatuko du, ezta?
Bai, eta batez ere lotura da, uda garaian hondartza dela eta, eta urteko gainontzeko sasoietan ikastaroak ematen eta baita gizarte laguntzak kudeatzen ere. Tokatzen diren mila kontu eginez, alegia. Lotura pixka bat eskatzen du, egia esan. Alderdi burokratikoa eta administratiboa ere landu beharra dago. Baina lantalde handia gara eta jende askoren artean egiten dugu guztia. Gehienetan publikoan aurpegia nik ematen dudan arren, zorionez atzean jende askok egiten du lan. Bestela ez litzateke posible izango.
Hondartzan ikusteaz gain, zenbait plazetan ere ikusten zaituzte herritarrek.
Bai, bertsolaritza da nire zaletasuna, baina horixe da, zaletasuna guztiz. Ahal den ondoen egiten saiatzen naiz, baina zaletasun gisa. Astean behin elkartzen gara, ondo pasatzeko asmoarekin. Gero, txapelketak-eta direnean, estuago lan egiten saiatzen gara, lotura handiagoa eskatzen baitu horrek. Baina batez ere ondo pasatzeko egiten dugu. Txapelketetara deitzen bazaituzte estuasun gehiago eskatzen du baina orokorrean gozatzeko jarduten dugu bertsotan.
Bertsolaritzara betidanik gustatu al izan zaizu?
Bertsotan bakarrik ikasi nuen, umetan. Orduan ez zegoen bertso eskolarik. Nik ikastola utzi eta hurrengo urtean jarri zuten martxan bertso eskola. Karrera bukatuta, esan zidaten bazela helduentzat bertso eskola bat eta izena ematea erabaki nuen. 24 urte nituen.
Hor jende askorekin harremanetan jarri nintzen, eta horrek asko lagundu zidan. Izan ere, bakarrik ikasi ezin den jarduera bat baldin badago bertsolaritza da; bakarrik bertsotan egitea triste samarra da. Horregatik, beti besteengandik ikasten zoaz. Afizioa betidanik izan dut eta abestea beti gustatu izan zait, txikitatik. Beharbada horregatik naiz atipikoa, jendaurrean kantuan berandu hasi nintzelako.
Eta medikuntzarako bokazioa txikitatik al duzu?
Ez, txikitan ez neukan oso argi zer izan nahi nuen heldua nintzenean. 17-18 urterekin erabaki nuen medikuntza ikastea. Alde batetik, zientziak gustatzen zitzaizkidalako, kimika, biologia, dena. Eta bestetik, medikua izanda pertsonekin harremantzen zarelako. Alderdi zientifikoa eta giza harremanak biltzen dituelako aukeratu nuen egun nire ogibidea dena, beraz.
Horrez gain, pilotazalea ere bazara.
Hala da, baina hori ere zaletasuna da guztiz. Partidak ikustearekin konformatzen naiz. Egia esan asko gustatzen zait, baina ez dut gehiegi landu, beste hainbat gauzarekin ere hasi bainintzen.
Karrera bukaerako proiektua horri lotuta egin zenuen.
Bai, pilotarien eskutako patologia edota gaixotasunei buruz egin nuen lan hori 1998an. Horretarako azterketa sakon bat egin nuen, batez ere, profesionalak ez ziren pilotariak hartu eta eskuak nola zituzten aztertu nuen. Jubenil eta afizionatu mailako 80 bat pilotari bildu, haien eskuak ikusi eta batez ere haiekin hitz egin nuen, eskuetan zituzten arazoei buruz galdetu nien. Profesional askok eskuak gaizki izaten dituzte, baina haiek aukeratzen dute lanbidea. Maila profesionalera iristen ez direnak, ordea, gustoz jokatzen dute. Behin azterketa amaituta, emaitzak federaziora bidali nituen. Orduz geroztik, zorionez, gauzak asko aldatu dira.
Nondik ateratzen duzu hori guztia egiteko denbora?
Lehen, aita izan aurretik, denbora gehiago izaten nuen gauza horiek guztiak egiteko eta denbora asko ematen nuen, batez ere, Gurutze Gorrian. Haur bat dudanetik denbora gutxixeago eskaintzen diet kontu horiei. Baina, hala ere moldatzen gara, batetik eta bestetik denbor atera eta ondo antolatuta. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiet nire emazteari eta etxekoei.
Beste zaletasun ezkuturik ba al daukazu?
Literatura gustatzen zait, irakurtzea. Baina horretarako bai ez dudala nahi beste denbora hartzen.