Bihotza eta birikak suspertzen ikasiko dute parte-hartzaileek, besteak beste. (Irene Elorza/Hitza)
Gipuzkoako DYAk Osasunaren eta Istripuen Prebentzioaren Astea antolatu du irailaren 16tik 20rako, Zarautzen. Besteak beste, egoera larriak aurreikusi eta ekiditeko hainbat jarraibide ematea da jardunaldion helburua. «35 urte larrialdiez arduratzeak zerbait erakutsi badigu, zera da, prebentzioa dela gako nagusia istripuak gutxitzeko eta gaixotasunak saihesteko», adierazi dute elkartetik.
Horregatik, 2009an Irakaskuntza Eskola proiektua jarri zuen abian, eta ordutik Gipuzkoako hainbat herritan gaiari lotutako doako jarduerak eskaintzen ditu. Zentzu horretan antolatu du hitzaldiez eta tailerrez jositako astea, ahalik eta jende gehienari gaixotasunak eta istripuak sahiesteko eta osasuna eta ongizatea bermatzeko oinarrizko kontzeptuak irakasteko.
Askotariko gaiak
Gai ugari landuko dituzte parte-hartzaileek DYAko Formazio Eskolako mediku, erizain eta begiraleekin. Irailaren 16an, astelehenean, ohiko larrialdiei eta egoera horien aurrean izan beharreko jokabideari buruzko hitzaldia eskainiko dute adituek. Besteak beste, bihotzekoari, konbultsioei, zorabioei, traumatismoei, erredurei eta garuneko istripuei zein baskularrei helduko diete.
Hesgailuen edo benden oinarrizko tailerra egingo dute asteartean, eta, besteak beste, eskua, besoa, sorbalda, oina, belauna eta hankak lotzeko moduak landuko dituzte. Etxeko istripuen prebentzioari buruzko hitzaldia izango da asteazkenean, eta erredurei, erorketei zein intoxikazioei helduko diete, besteren artean.
Irailaren 19an bihotz-biriken suspertzeari buruzko tailerra egingo dute, eta oinarrizko mugimenduak praktikatu ahal izango dituzte jardueretan izena ematen dutenek. Azken egunean bizitza osasungarria eramateko kontuan izan beharreko alderdiez jardungo dute. Horretarako, DYAko ordezkariek Zure bihotza zaintzea hitzaldia eskainiko dute. Eduki teorikoak lantzeaz gain, bertaratutakoen testigantzak jaso, eta parte-hartzaileek zalantzak argitzeko aukera izango da, baita mahai inguruak egitekoa ere. Era berean, aste amaieran istripu baten itxura egingo dute, parte-hartzaileek ikasitakoa praktika dezaten. Saioak arratsaldez izango dira, 19:00etatik 21:00etara, DYAko ordezkaritzan, Iturribide kaleko 12. eta 14. zenbakietan.
Interesa dutenek doan parte hartzeko aukera izango dute. Hala ere, aurrez izena ematea komeni dela ohartarazi dute. 943-464622 telefono zenbakira deitu beharko da horretarako, edota irakaskuntza.eskola@DYAgipuzkoa.com helbidera mezua bidali.
Informazio gehiago eskuratzeko Dyaren webgunea bisita daiteke.