Akordeoiari eskainitako hitzordua

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko irailaren 12a

Udako azken txanpan antolatu ohi dute Zarauzko Akordeoi kultur Astea, eta horren baitan, VI. Francisco Escudero Nazioarte Konposizio Sariketako sariak banatzen dituzte. Hauspoz Euskal Herriko Akordeio Elkarteak akordeoiari eskainitako astean bete-betean sartuta, gaurtik igandera bitartean hainbat kontzertu izango da Modelo aretoan. Gaur, esaterako, Nikola Kerkez eta Marco Sevalic bikoteak errepertorio anitza eskainiko dute. Bihar, berriz, ekitaldi bereziaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek: Flamenko etxea trio ikuskizunaz. Jose Luis Monton eta Gorka Hermosak flamenkoa eta euskal musika modu bitxian batuko dituzte bertan, eta Maria Berasarte donostiarrak jarriko dio ahotsa uztarketa horri. Sarrera doan izango da. Lauhaizeta Akordeoi Orkestra izango da larunbatean protagonista, eta akordeorako obra ezagunagoak eskainiko dizkiete zarauztarrei. Kaxianoren Alabak taldeak kalejira egingo du herrian zehar, eta 13:00etan orkestra horren kontzertua izango da Lege Zaharren Enparantzan.  Igandean amaituko dute kontzertu zerrenda, iazko Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketako irabazleen emanaldiarekin. Haurren, gazteen zein senior mailako txapeldunek—Sofia Ros, Garazi Navas eta Helena Sousak, hurrenez hurren— XVIII. mendetik gaur egunera arteko obrak interpretatuko dituzte. Akordeoi eta Kamara Musikarako obren lehiaketako sari banaketa larunbatean izango da baita ere. Bertan ezagutaraziko dute aurtengo irabazlea zein den. Horrez gain, iazko irabazle Stefano Bonilaurik  eta Wen Liuk iazko sariketara aurkeztutako lanak joko dituzte, Quartetto IIIB eta Penumbra, hain zuzen. Sarrera doan izango da, eta ekitaldiaren amaieran mokadutxoa eskainiko diete bertaratzen direnei. Bazkideei, gainera, iazko lan irabazleen partitura bana emango diete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide