Vista Alegreko jaietan auzoko kirol kantxan eginiko penalti txapelketa (Amaia Ventas)
Vista Alegre Auzo Elkarteak 24 orduko futbito jardunaldia antolatu du, eta irailaren 21a eta 22a bitartean jokatuko da auzoko kirol pistan; larunbat eguerdian, 12:00etan, abiatu eta igande eguerdian, 12:00etan, bukatuko dute. «Auzoko jaietan aparteko gastuak izan ditugu, eta errekuperatze aldera txapelketa antolatzea pentsatu dugu. Beste herri batzuetan egin izan da, eta probatzea erabaki dugu», adierazi du auzo elkarteko batzordekide Iñaki Zuloagak.
«Ni azpeitiarra naiz, eta garai batean Azpeitian egiten zen halakorik. Zarautzen ere aurretik ere eginda dago. Interneten begira aritu nintzen, eta Oiartzunen 48 ordukoa antolatu zutela ikusi nuen, baina hori jada gehiegitxo litzateke. Egun batekoarekin animatu gara, eta ea nola ateratzen zaigun, datozen urtetan segida emateko», gaineratu du. Egitasmoak bi helburu nagusi ditu; batetik, auzoari bizia ematea eta bestetik, sosa batzuk ateratzea.
Azken egunak
Izena emateko epea datorren igandean bukatuko da. Txapelketan parte-hartu nahi duten taldeek Vista Alegre Auzo Elkartearen tabernan eman beharko dute izena; eta haiekin harremanetan jartzeko, 943-89 00 21 telefono zenbakira deitu daiteke. Izena emateak 100 euro balio du, eta taldekide bakoitzaren izen-abizenak eta taldeak erabiliko duen elastikoaren kolorea zehaztu beharko da. Taldeak gehinez ere 10 lagunez eta gutxienez 7 lagunez osatuta egongo dira; jokalari oro adin nagusikoa izan beharko du.
Egitasmoak ez du inolako irabaz asmorik. Izen-ematetik bilduko duten dirua kostuak kubritzeko eta sarietarako erabiliko dute. Txapelketak irauten duen bitartean, auzokideek txosna jarriko dute ekitaldia girotzeko. Txosnatik lortzen dituzten etekinak auzo elkartearentzat izango lirateke; hau da, festak antolatzeko edo urteko beste ekitaldi batzuk aurrera eramateko.
Txapelketa 24 taldetara mugatu dute, eta taldeak edozein modutan osatu ahalko dira: neskez, mutilez edo mistoak izan daitezke. Alde horretatik, eta txapelketa osoan, ez da inolako bereizketarik egingo. «Aukera guztiak dira balekoak, baina elkarren aurka lehiatuko dira», azaldu du antolatzaileak. Funtzionamenduari dagokionez, lau multzotan banatuko dituzte talde partehartzaileak, eta multzo bakoitzean sei taldez osatuta egongo da; betiere, aurreikusitako partehartze kopurua beteko balitz.Oraingoz, dozena bat talde animatu direla jakitera eman du antolatzaileak.
Ordu laurdeneko partidak
Lehenik eta behin, multzo bakoitzak bere ligaxka jokatuko du; partidak denbora bakarrekoak izango dira, eta 15 minutu iraungo dute. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak final zortzirenetara sailkatuko lirateke. Hori horrela, kanporaketa sistema erabiliz, final-laurdenak eta finalerdiak jokatuko dituzte, final nagusiaren aurretik.
Irailaren 13an bilera egingo dute futbito txapelketan parte hartuko duten talde guztiekin, lehien funtzionamendua azaltzeko eta ligaxkako multzoak zozkatzeko. Hitzordua 20:30etan jarri dute, auzo elkartearen tabernan.