600 lagun bilduko ditu euskararen aldeko bazkariak Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko irailaren 5a

Iazko Euskal Jaietako irudi bat (Amaia Ventas/Hitza) Urtero, Euskal Jai Egunaren aurreko asteburuan ospatu ohi da Euskaraz Bizi Eguna, eta aurten ere ohitura horri eutsi diote Zarauzko AEK euskaltegiak eta  Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Aurten ere egitarau zabala antolatu dute biek elkarlanean larunbaterako, eta askotariko ekitaldiak izango dira herrigunean, zarauztarren zein bisitarien gozagarri. Hemengoa, horkoa, hangoa. Euskaraz bizitza kosmopolittagoa! leloa aukeratu dute festarako, eta AEKko ordezkari Amaia Olazabalek azaldu du horren zergatia: «Euskarak askotariko jatorritako jendea hartzen du bere baitan, ez soilik bertakoa. Edonork hitz egin dezake euskaraz. Askotan esaten da atzerritarra izanda zailtasunak izan daitezkeela hizkuntza hori ikasteko, edota gutxi batzuen hizkuntza dela euskara. Azken finean, guztion hizkuntza da euskara, eta gure ustez euskaraz mundua beste ikuspegi batetik ikusten delako aukeratu dugu aurten lelo hori». Eguerdian, herri bazkarian irakurriko duten manifestua ere lelo horren ingurukoa izango dela adierazi du. Goizean ekingo diote jaiari, ordea, herri lasterketarekin. Edonork hartu ahalko du parte, haurrek zein helduek. Izena egunean bertan eman beharko da Musika Plazan, lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago. Sei euro kostako da. 11:00etan hasiko dute proba eta ohiko ibilbidea egingo dutela jakinarazi du AEKko ordezkariak. Alde Zaharreko plazatik abiatuko dira korrikalariak, eta itsas pasealekutik igaro ostean, Gipuzkoa kaletik egingo dute itzulia. Lau kilometro baino gutxiagoko distantzia izango du ibilbide horrek. Sariei dagokionez, hiru mailatan emango dituzte: haurrentzat, neskentzat eta mutilentzat. Girotzeko, denetarik izango da Musika Plazan: haurrak abesten, bertsolariak, galtzaberdeak... «Sorpresa bat baino gehiago» izango dela nabarmendu du antolatzaileak. Glutenik gabe Euskararen Aldeko XXIX. Herri Bazkaria izango da eguneko ekitaldi garrantzitsuena, 14:30ean. Tomate entsalada, marmitakoa edota lasagna begetala, gazta, kafea eta kopak osatuko dute menua. Haurrek, berriz, tomate entsaladaz gain, makarroiak eta Kutixi izoztegiak eskainitako izozkia jan ahalko dute. Berrikuntza gisa, aurten zeliakoentzat menua ere izango da. «Pentsatu genuen komeni zela zeliakoentzat ere menua prestatzea», esan du Olazabalek.  Ohikoaren antzekoa izango da, baina glutenik gabeko osagaiekin prestatuko dituzte platerak, beste ontzi batean, kutsadura gurutzaturik izan ez dadin. Zarauzko zeliakoen taldeko boluntarioak arduratuko dira, besteak beste, menu hori prestatzeaz. Hori ere Musika Plazan izango da. Eguraldi txarra eginez gero, berriz, Antoniano ikastetxeko kiroldegian egingo dute. Guztia prestatzen ari dira dagoeneko, euria egingo balu eragozpenik izan ez dezaten bazkaltzera joaten direnek. Guztira, 600 bat pertsona bilduko ditu herri bazkariak. Pasa den ostiralean jarri zituzten salgai txartelak, eta ordubetean-edo saldu zituzten guztiak.  «Arrakasta handia izan ohi du Euskaraz Bizi Eguneko herri bazkariak; herritarrek oso presente daukate ekitaldi hori, oso markatuta dago egutegian», dio. Bazkalostean, guztia jaso ondoren, kalejira egingo dute parte-hartzaileek 18:30a aldera. Musika plazatik irten eta itsas pasealekutik eta Barren plazan ibiliko dira, ibilbidea txosnetan amaitzeko. Eguna borobiltzeko kontzertuak izango dira gune horretan, Gurekin Jai festa batzordeak antolatuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide