Ostiralean jasoko du Pello Esnalek Basarri Saria

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko ira. 4a, 04:05

Pello Esnal euskaltzaina Egun handirako bost egun falta direnean, giro berotzeko hainbat ekitaldi prestatu dute Zarauzko Udaleko Kultura Sailak, Gurekin Jai festa batzordeak eta herriko beste zenbait eragilek datozen egunetarako. Egitarau betearekin jarraituz, ostiralean Bikote Gazteen Dantza Txapelketa izango da Lege Zaharren Enparantzan, 19:00etatik aurrera. Euria eginez gero, ordea, Modelo aretoan egingo dute. Interesa dutenek aurrez eros ditzakete sarrerak Kultura Sailaren bulegoan, Sanz Enean, edota Turismo Bulegoan. Helduek hiru euro ordaindu beharko dute sarrera bakoitzagatik, eta gazte txartela erakusten dutenek, berriz, bi euro. Horrez gain, 20:00etan txosnak irekiko dituzte Salberdinen, Arrona zaharraren ondoko zabalgunean, eta ordubete geroago kantu afaria izango da bertan. 22:00etan ekingo diote, berriz, Bertsolari Gazteen XXXVII. Lizardi Sariari. Ostegunean eta ostiralean egin zituzten lehiaketaren kanporaketak eta ostiralean izendatuko dituzte irabazleak, beraz. Bertaratu nahi dutenek aurrez eskuratu beharko dituzte txartelak, leku eta prezio berean. Ekitaldi berean banatuko dituzte XXIX. Basarri Sariak. Aurten Pello Esnal zarauztarrak irabazi du bertso paper lehiaketako lehen saria, Iñaxiori, lehen mendeurrenean bertso sortari esker.  Basarriren ekarpenaren inguruan Esnalen ikuspegi berezi eta berritzaileagatik aukeratu du epaimahaiak lan hori. Hori dela eta, 1.100 euro eta txapela jasoko ditu zarauztarrak. Imanol Lizarazu igeldotarrak sailkatu da, berriz, bigarren postuan. Epaimahaikideek, Basarri saria lanaren doinu eta neurri berezia eta hizkuntza behartu gabea goraipatu dute eta Lizarazuk Basarriri buruz iritzia ematen asmatu duela jakinarazi du.  750 euro eta oroigarria emango diote hari. Azken urteetan gaia librea izan bada ere, aurten baldintza bat jarri du Zarauzko Udalak: lehiaketara aurkeztu dituzten lanek Basarri bera izan behar zuten hizpide. Inazio Eizmendiren jaiotzaren mendeurrena aurten bete delako hartu du erabaki hori.  Hala ere, lanen gaien aniztasuna nabarmendu du epaimahaiak eta lanen mailak oro har gora egin duela. Guztira, hamabi lan aurkeztu dituzte aurten Basarri Sarira. Gaur, entsegu irekia Ohiturari jarraituz, Alproja taldea, besteak beste, galtxagorriz jantzi eta antzezlana eskainiko dute astelehenean, Munoan. Aurten Haur fabrika antzeztuko dute, eta aurrez jende aurreko entsegu irekia egin. Gaur izango da, Abendañon duten lokalean, 21:00etatik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide