Iñaki Lejarreta zenari omenaldi berezia egin zion Zarauzko BTT taldeak asteburuan, mendiko bizikletan Euskal Herriari bira emanez. Lejarreta BTTko
cross-county modalitatean lehiatzen zen, eta iazko abenduan hil zen auto batek harrapatuta. Txirrindularia gogoan hartzeko, familiartekoek, lagunek eta mendiko bizikletako hainbat taldek
Iñakiren bideak egitasmoa antolatu zuten. Abuztuaren 31 eta irailak 1 bitartean ibilbide bat osatu zuten Urkiola, Urbasa, Bidasoa eta Gipuzkoako kostan barna, txirrindulariaren aztarna betirako utzi nahian.
Zarautz-BTT-Pagoeta taldeko kideak eta beste parte-hartzaile batzuk Olazko ermitan, Lejarretaren aita eta osabarekin batera. (Argazkia: Zarautz-BTT-Pagoeta)
Ibilbideak
non stop formatoa izan zuen; hau da, etapaz etapa egin zen, etenaldirik gabe. Larunbatean abiatu zuten martxa Berriztik, Iñaki Lejarretaren jaioterritik, eta herenegun eguerdian bukatu zen, haren urtebetetze egunean. Bederatzi etapatan banatu zuten omenaldi-ibilbidea: Berriz-Landa, Landa-San Roman, San Roman-Larraona, Larraona-Izkue, Izkue-Doneztebe, Doneztebe-Hondarribia, Hondarribia-Zarautz, Zarautz-Olatz eta Olatz-Berriz, hurrenez hurren. Guztira, 449 kilometro osatu zituzten, 12.853 metroko gorabehera positiboarekin.
Etapa bakoitzean talde arduradun batek eraman zuen lekukoa, eta Zarautz-BTT-Pagoeta taldeko kideak hartu zuten erantzukizun hori Talaimenditik Mutrikuko Olatzeko ermitara arte; bidean, Santa Barbara, Zumaia, Elorriaga, sakoneta, Itziar eta Debako mendi bideak zeharkatu zituzten. Gauez egin zuten ibilbidea; Zarautz-BTT-Pagoetak, Ondarruko koadrila batekin batera,04:00etan puntuan jaso zuten lekukoa Hondarribiko taldearen eskutik. Zumaian, bertako beste hiru elkartzen zitzaizkien. Olatzeko ermitan txirrindulari omenduaren aita Ismael Lejarretak, osaba eta txirrindulari ohi Marino Lejarretak, Ruben Ruzafa txirrindulari malagarrak eta besteak lagun batzuek osatutako taldeari eman zioten lekukoa, ibilbidea eta, era berean, egitasmoa biribiltzeko.
Zarauztarrek eginiko etapa zailtasun ertainekoa izan zen, 35 kilometrotakoa. Nolanahi ere, gauez egin beharrak gogortu egin zuen ahalegina. Dena dela, giro ederra izan zuten parte-hartzaileek, inolako ezbeharrik gabe. Bestalde, Zarautz-BTT-Pagoeta taldeak aurreratu duenez, Mobibike ekitaldiko BTT martxan Lejarreta gogoratuko dute.