Trikitia irakasteko alternatibak proposatuko ditu gaur Joseba Tapiak Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko ira. 3a, 04:00

Joseba Tapia trikitilaria, artxiboko irudi batean Aurten ere egitarau betea antolatu du Zarauzko Udaleko Kultura Sailak Euskal Asterako, eta hainbat ekitaldi izango da herrian irailaren 9ra bitartean. Dagoeneko ospakizunetan bete-betean murgildu dira herritarrak, eta gaur, esaterako, Joseba Tapia trikitilariak Belarriak soinu. Ganbaratik akademiara hitzaldia eskainiko du Zarauzko Sortaldea kultur eremuan. Iaz saio hori bera eskaini zuen Donostian, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak urtero antolatzen duen Inpernuko poza jardunaldietan. Aurten musika tresnen aldetik aldaketa batzuk izango dituen arren, hitzaldiaren helburua bera izango dela jakinarazi du elkarteak. Hain zuzen, trikitiaren irakaskuntzaren garapena azalduko du. Garai batean baserri mundura mugatzen zen musika tresna horren irakaskuntza, eta nola ikasten zen eta zein ohitura ziren nagusi nabarmenduko du, eta ordutik egun arte izan duen garapenean zentratuko da. Egungo irakaskuntza akademikoarekiko duen ikuspuntu kritikoa izango dela hitzaldiaren muina, eta horren aurrean alternatiba eta proposamenak eskainiko dituela. 19:30ean hasiko du saioa. Bestalde, Andoni Egaña eta Inazio Eizmendi Basarri bertsolariak izango dira biharko protagonistak, ordu eta leku berean. Basarriren jaiotzaren mendeurrenari begira antolatutako egitarauaren baitako ekitaldia izango da hori. Bertan, azken horren irudiaren eta bertsogintzaren inguruan ariko da Egaña. Handik ordubetera, Trikitilari Gazteen XXXIII. Txapelketa jokatuko dute Modelo aretoan. 20 urtez azpiko hainbat bikotek hartuko du parte lehiaketan, janzkera tradizionala soinean dutela, eta bi ilarako diato eskusoinua eta panderoarekin lagunduta. Gaztetxoek eskainiko dituzten piezez gozatu nahi dutenek sarrerak aurrez erosi ahalko dituzte. Dagoeneko eskuragarri daude Kultura Sailean, Sanz Enea kultur etxean, edota Turismo Bulegoan. Helduek hiru euro ordaindu beharko dituzte sarrera bakoitzeko eta gazte txartela dutenek, berriz, bi euro. Haurren txanda Euskal Jaiaren aurreko asteburuan ospatu ohi dute Haurren Euskal Jaia, eta aurten herenegun egokitu zen festa eguna. Etxeko txikienek baserritar arropa jantzi eta goizean goiz irten ziren kalera. 10:30ean bildu ziren dantzari txikiak eta ordubete beranduago egin zioten alkate txikiei ongietorria, Edith Unzurrunzaga eta Hodei Etxanizi eta ohorezko aurreskua dantzatu zuten horiek gerora. Pixkanaka jendetza bildu zen Lege Zaharren Enparantzan zein Alde Zaharreko kaleetan, Gipuzkoako zein Bizkaiako hainbat txokotatik etorritako dantzariek zein Zarauzko Jaldi dantza taldekoek eskainitako ikuskizunaz gozatzera. Bazkalostean jai giroan egin zuten haurrek zein helduek Musika Plazatik San Pelaiorako bidea, buruhandi, erraldoi eta trikitilariekin. Dantza saioa eskaini ondoren, Standa Bandaren saioaz gozatu zuten. Iñurritzatik Musika Plazara kalejira eginez amaitu zuten eguna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide