Etxe merkeak erakusketan ikus daiteken argazki bat. (Leire Ajuariagoxeaskoa)
Francoren erregimenak sortutako etxebizitza multzoek las baratas (merkeak) izena hartu zuten. Klase sozial xumeak pairatzen zuen etxebizitza arazoari konponbidea emate aldera, ezaugarri berdineko auzoak egin zituzten. Material urriez egindako familia bakarreko etxeak ziren, solairu batekoak gehienak, dentsitate baxuko hiri-inguruan eraikiak. Leire Ajuriagoxeaskoa argazkilari bizkaitarrak auzo horietako etxebizitzak oinarri hartuta, Etxe merkeak proiektua landu zuen, eta Zarauzko Photomuseum Argazki eta Zinema Museoan ikus daiteke irailaren 1era arte.
Zuri-beltzezko argazkien aldeko autua egin zuen Ajuriagoxeaskoak erakusketa osatzeko garaian. Gainera, ia ez dute kontrasterik, ezta beltz tonurik ere. Irudi oso zuriak dira, eta metafora bikoitza dute. Alde batetik, garaiko bizitza estaltzen zuen atmosfera grisa islatu nahi du, eta, bestetik, berriz, elur-antzeko itsutasuna dakar gogora.
(L.A.)
Arkitektura eta existentzia
Argazki mortuak dira, gizakiaren presentziarik gabekoak. Hirigunetik kanpo eraikitako auzoetakoa arkitektura homogeneoaren erradiografia, nolabait ere. Etxebizitzen egitura du erakusgai, kanpotik zein barrutik. Modu arkitektonikoek gizarteak definitzen dituzte: gizartearen ideologia, kezka eta botere-egitura, alegia. Etxebizitzek, era berean, erabili zituzten pertsonen memoria islatzen dute.
Arkitekturaren eta existentziaren arteko harremana aztertu nahi izan du argazkilariak. Ondorioz, garaiko langile-klasearen erakusgarri gisa, irudi batzuetan soka txertatu du. Sokatirarekin parekatu du, gainera. Sokatiran taldeko kide guztiak elkarlanean aritzen dira, beren indar guztiarekin tiraka helburua lortze aldera. Azken finean, etxe merkeetako komunitateak bezalaxe.
Photomuseumeko urte amaiera arteko erakusketak
Irailaren 1a bitartean
- Etxe merkeak. Leire Ajuriagoxeaskoaren argazkiak, frankismoan hiribildutik kanpo eraikitako auzoen inguruan.
Irailaren 3tik urriaren 10era arte
- Zarauzko arkitektura. Intters arkitektonikoa duten Zarauzko eraikinen inguruko irudi sekuentzia. Eraikine aukeraketarako izaera historiko-artistiko monumentala hartuko dute kontuan.
Urriaren 15etik Abenduaren 1era arte
- Hiru herrialde / Hiru begirada. Berlingo Ostkreuz agentziako hiru argazkilari alemaniarrek Afrikako iparraldera bidaiatu zuten, iraultza arabiarraren garaian, eta bertan ateratako irudiak jarriko dituzte ikusgai.
Abenduaren 3tik urtarrilaren 19ra arte
- Arkitektura eta argazkigintza. Arkitekturaren difusiorako tresna bihurtu zen argazkilaritza. Irudiei esker, monumentu historikoak sinbolo bilakatu ziren.