Ez al da, bada, bale bat?

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko abuztuaren 9a

Oteiza eta Mendiren arteko harremana erakusteko, Arratoiak eta baleak erakusketa inauguratuko dute gaur, Ispilu Arten. «Desengainu handia hartu dut herri honekin. Bale eder bat iritsi da, gure artean geratzea erabaki du, eta arratoia deitu diogu. Zer  espero behar dugu, bada, herri horretaz?», esan zion behin Jorge Oteizak Juan Luis Mendizabal Mendi-ri. Bien arteko azken hizketaldi izan zitekeen horretan esandakoei tiraka, Arratoiak eta baleak. Mendi eta Oteiza, hizketaldiak erakusketa antolatu du Zarauzko Ispilu Arte galeriak. «Mendi duela hilabete Oteizaren berezitasunez aritu zitzaigun hizketan, eta oriotarra Getariako Arratoiaren inguruan nola itsutzen zen kontatu zigun. Hark zioen ezin zitzaiola arratoia deitu San Anton mendiari», jakinarazi du arte galeriako arduradun Leticia Eizagirrek. Ideia horretan oinarrituta, eta bi artisten obran baino, haien izaeran eta ikuskeran sakontzeko helburuarekin antolatu dute erakusketa. Gaur bertan inauguratuko dute galeriako jardinean, 20:00etan. Cava eta Pikondopetik biolontxelo laukotearekin girotuko dute ekitaldia. Mendi, Aitor Sarasketa, Lola Sarratea, Viki Claramunt eta Ane Agirre, Iñigo Ormazabal, Josean Legorburu, Marian Aranburu, Txiki Agirre Keixeta, Juan Pablo Alvarez, Xanti Iruretagoiena, Asier Laspiur eta Mar Arregi eta Joan Artigas Planasen obrak izango dira ikusgai Ispilu Arten. Erakusketa heterogenoa izango da, askotariko diziplinez osatuta, eskulturak, collage-ak eta olio-margoak, besteak beste. «Koadroek bereziki atentzioa eman didate. Uztaila oso eguzkitsua izan den arren, artistek aurkeztu dituzten obra gehienak itzaliak dira», nabarmendu du. «Eguzkirik egiten ez duen egunetako argia islatu dute askok, kolore leunekin. Oso politak dira». Horiez gain, Artiola Sarira aurkeztutako lanak ere erakutsiko dituzte. Kaikuan oinarritutako obra artistikoak izango dira horiek, 18 bat. «Ez dute kaiku tradizionalean oinarritu. Batzuk, hain zuzen, ez dute ezta kaiku itxura». Mendiren 365 arratoi Erakusketaz gain, beste hainbat jardunaldi antolatu dute bi maisuak omentzeko. Hilaren 16an, esaterako, Oteiza 1908-2008 eta jarraitzen du dokumentala eskainiko dute, eta ondoren bien alderdi humanoaz solastuko dute parte-hartzaileek. 20:00etan izango da. Abuztuaren 22an, ordu berean, Mendiren 365 egun ikus-entzunezkoa ikusi ahalko da. «Mendik urteko egun guztietan Getariako arratoia pintatu ohi du. Lan horiek guztiak biltzen dituen lana da hori, hari egindako elkarrizketak tartekatuta», azaldu du Eizagirrek. Hilaren 24ean udako enkantea egingo dute, 18:00etatik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide